Iban del Campok zuzendutako Serendipia film laburra gailendu da aurtengo Euskal Zine Bileran. Azaroaren 27an eman zioten amaiera 44. edizioari, eta antolatzaileen hitzetan, genero eta izaera oso ezberdinetako lanak ikusi ahal izan dira: “Aniztasun horren bidez, istorio ikusgarri eta interesgarriez gozatzeko aukera egon da”.
Euskal Zine Bilerako Lehiaketa euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Hogei izan dira 44. edizioan lehiatu diren film laburrak, kategoria profesionala eta amateurra bereizi gabe, eta hilaren 22an, 23an, 24an eta 25ean egin dituzte emanaldiak online eta formatu presentziala uztartuz. Lehiaketa egunak bukatuta, ezagutarazi dituzte jaialdiko irabazleak.
Izaskun Arandia ekoizleak, Iratxe Fresneda zinemagileak eta Ane Pikaza aktoreak osatu dute epaimahaia eta “zinemagintzaren mekanismoa koherentzia osoz praktikan ipini” dituela iritziz, Iban del Campok zuzendutako Serendipia lana izendatu dute film onena. Urrezko Antzarraz gain, 1.900 euroko diru-saia eman diote Del Campori. Zuzendari onenaren saria Josu Martinezek jaso du, Subandilla lanean egindako lanagatik. Gidoi onena, bestalde, Jorge Morenok Begiak Hesteko Artean film laburrerako idatzitakoa dela erabaki dute. Bientzat izan dira 1.600 euro eta Zilarrezko Antzar bana.
Aipamen berezi bi egin nahi izan ditu epaimahaiak. Batetik, Eukeni Arriortuaren Memoria lana azpimarratu dute Arandiak, Fresnedak eta Pikazak, “artelanaren sorkuntza prozesuaren erregistro edarra egin eta ikuslea prozesu horren partaide egiteagatik”. Bestalde, Pello Seron eta Unai Zaballaren Yauri Etxalde filma goraipatu dute jorratzen eta plazaratzen dituen gaiak emozioa transmititzen duelakoan.
Ikus-entzuleek beraien botoekin EITB Ikusleen saria erabaki dute. Gorka Ezkibelak zuzendutako Ostendene lanak 5etik 4,55 puntu izan ditu, eta Zilarrezko Antzarra eta 750 euro jaso ditu opari.
Euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz Euskal Zinemaren Begirada, Euskal Animazioa finkatu eta horretan lanean etengabe jarraitu dutenak omendu nahi izan dira 44. Euskal Zine Bilerako itxiera ekitaldian, Baleuko eta DIbulitoon, eta Benito Ansola Saria banatu dute ere. Jone Arriola Lobete, Ana Angulo Umaran eta Itxaso Frau Terradillosek zuzendutako Dena asmatuta dago proiektuak jaso du, eta 3.000 euro eman dizkiete lana gara dezaten.