Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun-neurrietara egokituta, abenduaren 4an ekingo diote 56. Durangoko Azokari, eta hilaren 8ra bitartean luzatuko da. Gerediaga elkarteak 990 berrikuntza aurkeztu ditu guztira, eta produktuak online dendan kontsultatu zein erosteko aukera egongo da. Irudienea gunean, bestalde, 33 film egongo dira ikusgai, eta ikus-entzunezkoei lotutako aurkezpenek, mahai-inguruek eta solasaldiek osatuko dute egitaraua.
Ohi bezala, ikus-entzunezkoen plaza bilakatuko da Irudienea gunea. Durangoko Azokaren programazioaren baitan 35 film egongo dira ikusgai, Zugaza zinemetan: 12 film labur, 11 dokumental, hiru film luze, bi aurkezpen, lau estreinaldi eta hiru film haur eta gazteentzat. Zuzendaritza eta protagonistetan emakumeak izango dira nagusi, eta hainbat gai jorratuko dira bertan: memoria historikoa, pantailak euskaraz egoteko aldarria… Hala, inoiz baino parekideagoa izango da Irudienea.
Pantailak euskaraz ekimenak idatzitako manifestuaren aurkezpenak abiatuko du programazioa abenduaren 4an, eta DEMAS.A. film laburren lehiaketaren finalak itxiko du, hilaren 8an. Tartean, KIMUAK programan hautatu dituzten film laburren emanaldia (abenduak 4), iazko edizioan Sormen Beka irabazi zuen Bañolet websailaren aurkezpena (abenduak 5ean), Ainarak dokumentalaren emanaldia (abenduak 6) edota Itxaroten jakin dokumentalaren proiekzioa (abenduak 7) egingo dute. Ezagutu Irudienea guneko egitarau osatua, hemen.
Aurretik, abenduaren 1etik 4ra arte, Durangoko espazio ezberdinetan, aurkezpen, mahai-inguru eta hitzaldiak antolatuko dituzte DA! PRO egitasmoan, eta hainbat kultur diziplina landuko ditu: musika, familia-ikuskizunak, literaturatik ikus entzunezkoetarako bidea, sortzaileek euren ibilbide profesionalean beharrezkoak dituzten baliabideak… Durangoko espazio ezberdinetan egingo da (San Agustin Kultur Gunean, Bizenta Mogel Bibliotekan, Zugaza Zineman eta Landako gunean) eta parte-hartzea doakoa izango bada ere, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea.
Ikus-entzunezkoei dagokionez, abenduaren 3an, egingo dute ‘Literaturatik zinemara: zer behar du eleberri batek film bihurtzeko?‘ mahai-ingurua: ‘Edozein literatura lan egokitu daiteke ikus-entzunezko formatura? Zein irizpide hartzen ditu aintzat ekoiztetxe batek literatura lan baten aldeko apustua egiteko?’
(H)emen Elkartea eta Euskal Gidoigileen Elkartearen parte hartzearekin, Unai Elorriaga idazlea, Joanes Urkixo gidoilaria, Aizpea Goenaga zinema zuzendaria, Ander Barinaga Rementeria ekoizlea eta Gaizka Izagirre zinelaze eta kazetaria ariko dira solasean saioan. Mahaingurua amaitzerakoan, gainera, hizlari eta entzuleen arteko iritzi trukaketarako tartea izango da. 11:00etatik aurrera egingo dute hitzordua Durangoko Zugaza aretoan, eta ikusle modura parte-hartu nahi duen orok azaroaren 2tik aurrera du izena emateko aukera.
Osasun neurriek baldintzatutako edizioa
Abenduaren 4tik 8ra ospatuko dute 56. Durangoko Azoka, eta urtero bezala, espazio ezberdinetan diziplina askotariko kultur jarduerek osatuko dute egitaraua. Pandemiak online egitera behartu zuen iazko edizioa, baina aurten, herritarrak aurrez aurre gerturatu ahal izango dira eremuetara. Kulturzaleek 990 nobedade izango dituzte eskura Landako gunean egongo diren 219 erakusmahaietan, eta azokaren webgunean online denda egongo da martxan hilaren 3tik 7ra. 733 liburu, 143 disko, 37 aldizkari eta 77 bestelakoek osatuko dute aurtengo nobedade sorta, eta guztira, 165 parte hartzaile izango ditu.
Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun-neurrietara egokituta aurkeztu du Gerediaga elkarteak 56. edizioa, eta Landako Gunera eta Plateruenara sartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea. Landako Gunean 1200 bisitariko bost txanda sortuko dira egunero, ordu eta erdiko bisita egin ahal izateko. Azokako espazio guztietan maskara erabili beharko da uneoro, eta ezin izango da jan eta edan. Izen-emateak astelehenetik aurrera egin ahalko dira durangokoazoka.eus webgunean. Gerediaga elkarteko koordinatzailea den Beñat Gaztelurrutiak nabarmendu duenez, “gure helburu nagusia aurtengo Azoka segurua izatea da. Bisitari eta parte hartzaile guztiak eroso sentitzea nahi dugu, euskal kulturaz modu seguruan gozatzea eta guztion osasuna lehenestea”.
Ezagutu 56. Durangoko Azokako egitarau osoa, hemen.