Apaiz kartzela

1968 eta 1976 artean 50 bat apaiz (gehien-gehienak Euskal Herrikoak) kartzelatu zituzten Francisco Franco diktadorearen errepresioaren aurkako jarrera erakusteagatik. Sermoietan diktaduraren zapalkuntza salatzeagatik hamabi urteko kartzela-zigorrak jaso dituzten abade horiek nekez ahaztuko dituzte nazioarteko komunikabideetako albistegiek 1973. urtean eman zituzten mutinaren irudiak. Izan ere, Zamorako (Espainia) konkordatu-kartzelari su eman zioten bertan preso zeudenek.

Garai latz haietan bere gizartearen aldeko konpromisoari irmo heldu zioten abade haien bizipenak azaleratuko ditu Ritxi Lizartza, David Pallarés eta Oier Aranzabalen lanak. Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldian aurkeztu zuten dokumentala.

 

Fantasia

Aitor eta Amaia Merino neba-arrebek laster beteko dituzte 50 urte, eta oso gazteak zirenetik gurasoengandik urrun bizi izan dira. Gurasoen urrezko ezteiak direla eta, Fantasia izeneko gurutzaontzian egingo dute bidaia laurek, beharbada, guztiek elkarrekin egingo duten azkena. Bidaia horren irudiak dira kontakizunaren oinarri eta abiapuntu, baina hori baino gehiago, bikote beteranoaren intimitate uneak ere jasotzen ditu dokumentalak.

Aitorrek bihurrikeria modura abiatu zuen esperimentu zinematografikoa forma hartzen joan da azken lau urteetan Doxa Producciones ekoiztetxearen eta Amaia arrebaren laguntzarekin, eta 100 minutuko denboraren kapsula osatu du, Kontxi eta Iñakiren harremana oinarri.

 

Encanto

Ez-ohiko familia da madrigaldarrena. Kolonbiako mendietan ezkutaturik bizi dira, Encanto haraneko herrixka bateko etxe magiko batean, eta senide guztiek gaitasun bereziak dituzte, bakarrak munduan. Denek, Maribel neskatilak izan ezik. Mirabel ohartuko da Encanto inguratzen duen magia arriskuan dagoela, eta bere familia apartaren azken itxaropena izango da.

Walt Disney etxearen azken animaziozko filma da, Jared Bush, Charise Castro Smith eta Byron Howard zinemagileek sortutakoa.

 

Espiritu sagrado

Herrikideak desagertutako neskatxa baten bila dabiltzan bitartean, OHE-ak bilatzeko gau bat antolatuko dute “Ovni-Levante” ufologia-zale elkarteko kideek. Baina, José Manuelek sekretu bat izango du gordean: gizakiaren patua bere eskuetan egongo da.

Chema García Ibarra zinemagilearen lehenengo film luzea da, bere film labur arrakastatsuen unibertsoaren hedapena. Besteak beste, Leire Apellaniz ekoizle bilbotarrak ekoiztu du lana.

 

La hija

Irenek hamabost urte ditu, eta adingabe arau-hausleentzako zentro batean bizi da. Haurdun geratu da eta bizitza aldatu nahi du Javierri, zentroko hezitzaileetako bati, esker. Javierrek berekin eta bere emazte Adelarekin bizitzea proposatuko dio bikoteak mendian isolatuta duen etxean, neskaren haurduntza ongi joan dadin. Baldintza bat ezarriko diote horren truke: haurtxoa jaiotzean, eman egin beharko die. Akordio hauskor hori arriskuan egongo da Irene sabelean daraman haurra beretzat sentitzen hasten denean.

Manuel Martín Cuenca zinemagile espainiarrak zuzendutako lana da, eta Javier Gutiérrez, Patricia López Arnaiz eta Irene Virgüez ditu aktore.

 

Lamb

Seme-alabarik ez duen bikote batek landetxe batean jaioberri misteriotsu bat aurkituko du. Familia sortzeko aukerak poz handia emango die, baina suntsitzailea ere izan daiteke.

Islandiatik dator aste honetako estreinaldi fantastikoena. Cannesko zinema jaialdiko Un Certain Regard sailean saritua izan da, eta Sitgesko Fantasiazko 54. Jaialdian film onenaren eta emakumezko aktore onenaren errekonozimenduak jaso ditu.

 

House of Gucci

Gucci moda zigiluaren sortzailea izan zenaren iloba nola erail zuten kontatuko du Ridley Scotten filmak. Maurizio Gucci hiltzea Patrizia Reggiano bere emazte ohiak agindu zuen, ‘Italiako alargun beltza’ gisa ere ezaguna denak.

Sara Gay Forden idazlearen izen bereko eleberrian oinarrituta dago filma, eta aktore zerrenda paregabea dauka: Lady Gaga, Adam Driver, Al Pacino, Jeremy Irons, Jared Leto, Salma Hayek, Jack Huston, Alexia Murray, Vincent Riotta…

 

Resident Evil: Welcome to Raccoon City

Akzioa, beldurra eta zonbiak maite dituztenentzako proposamena da hurrengo hau. Resident Evil bideojokoen egokitzapena da, Ekialde Hurbilean kokatutakoa. Umbrella konpainiak hiria suntsituta utziko du, eta bizirik atera direnek aurre egin beharko diote korporazioari.