Zuzendaria: Ritxi Lizartza, David Pallarès eta Oier Aranzabal
Urtea: 2021
Herrialdea: Euskal Herria
Bazen behin kartzela bat Zamoran. Presondegia, jendea isilarazteko egokitua, mututzeko eraikia, soro mortu eta soilean, belardia, ibaia eta gotorlekua. Gogor bertan, lekuan, apaizak, gorrotoaren aurka antolatuak, Zamoran, espetxean.
Frankismo garaia da, 1967 urtearen bueltan. Erreboltak ugariak dira, klase borroka, langileria planto. Zapalkuntza etengabekoa da Francoren diktaduran, ideia politiko, identitate nazional eta abertzale desberdinen aurrean, espainola ez diren hizkuntza gutxituen aurrean. Erregimenari men egiten ez dion ororen kontra, errepresioa, bortxa, atxiloketa.
Garai nabarmena da ere elizaren baitan. Apaizak, gizon-emakumeen zerbitzura, jesusen hitza zabaltzera emanak. Belaunaldi berria da seminariotik atera dena. Bidegabekeria salatzera sinetsiak, herria laguntzeko konbentzimenduarekin elizaren baitan jarduten direnak. Men egingo diote jesusen hitzei, ebanjelioa zabaldu, baina garai nahasia da, elizaren estamentuak men egitea eskatuko baitie, elizaren egiturari, espainiar diktadurari, Francori, herri xehearen ahotsari muzin egiteko, alboratu.
Apaiz Kartzela dokumentu ikaragarri hunkigarria dugu. Elizaren egungo norantza eta norabidearen zergatia modu argian pantailaratuko duena. Ezagutzen den apaiz kartzela bakarra, ezkutuan mantendu zena, dena, esango nuke, ia gaurdaino; ezezagun izango dena gutako askorentzat.
Pertsonala politikoa da, erlijiosoa bada ere, eta dokumentalak lagunduko gaitu Zamorako kartzelan, preso izandako apaiza ohien aitortzen bitartez. Road movie nolabaitekoa. Bilbotik egingo du bidea, animazio fin eta landuekin, irudikatzeko, garai ilun hartan irudiz jaso ezin izan zirenak. Euskal Herritik, Kataluniatik, Galizia, Guadalajara eta Madriletik, apaizak, espetxeratuak. Erregimenari aurre egiteagatik, langileriarekin bat egiteagatik, herriarekin, injustizia salatzeagatik, preso. Eta berriro errepikatuko zen historia, elizaren goi estamentuak boterearekin lotuak, herriaren kontra egingo zuen, eta konbikzioz jarduten ziren apaizak baztertuak izango ziren, mututuak, mehatxatuak, atxilotuak, torturatuak. Estatuaren kontrako matxinadak antolatzeagatik, terroristak, subertsiboak.
Muntaia lana ederrarekin -Maialen Sarasuaren eskutik- uztartuko dira, animazio bitartezko irudiak, testigantzak, dokumentu grafikoak eta jasotako garaiko ikus-entzunezko grabaketak. Mundu mailako medioek jasotako berriak, eta Espainian prentsak argitaratzen zituen berriak.
Joseba Senperenak berriz soinu banda jarriko dio, historiaren atal honi, zuzendariek merezimenduz pantailaratu duten apaiza hauen istorioari. Eta nola ez, bertsoak izango ditugu, Xabier Amuriza, apaiza hauen artean baitago. Eta abestiak, eta itxaropena, Vull ser lliure, vull ser lliure ara mateix.
Benetan hunkigarria da Apaiz Kartzela, memoria etengabean landu beharra goraipatzen baitu. Iraganak orainaren tankera har baitezake, etorkizunak akaso. Eta apaiza ohi hauen uste sendoak balioan jartzen dituelako, batasuna, elkartasuna, gizatasuna eta justiziaren bidea. Etorkizun zintzoagoaren aldekoa, eraikitzailea, gizalegekoa. Horren da horrela non apaiza hauek dagoeneko elizatik at daude. Filmak hausnarketarako ematen du, eta ez da gutxi, ugariak baitira mahai gainean jarriko diren gaiak.
Geure historia hurbileko pasadizoa bisitatzea gomendagarria deritzot bada, lau pareta, haietako bat pantaila delarik, eta bertatik mundura. Botereari men egin nahi izan ez zioten apaizen historia.