Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren baitan, zinemarekin lotutako hainbat jarduera hartuko ditu Euskadiko Arkitektura Institutuak datozen egunetan. Donostiak zinemarekin duen lotura erakutsiko duen erakusketa abiatuko dute, Galerna film laburren zinema jaialdia ospatuko da, eta nazioarteko zinemaldiei buruzko mahai-ingurua prestatuko dute.

Zinema eta arkitektura-Zinea

EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoak eta Elías Querejeta Zine Eskolak elkarlanean antolatu dute Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala beste urte batez, eta aurten, Donostiako Zinemaldiak ere parte hartuko du aurrenekoz. Atzo goizean aurkeztu zuten jardunaldien programa Euskadiko Arkitektura Institutuan, eta arratsaldean inauguratu zuten ‘Zinemaren arkitektura Donostian’ erakusketa. ETSAk EQZErekin elkarlanean egindako ikerketaren emaitza da, eta zinemak gaur egun behar dituen espazioei buruz hausnartzeko abiapuntua aurkezten du. Astebetez egongo da zabalik,  azaroaren 30era arte.

Inaugurazio ekitaldiaren ondoren, Valentziako Arkitektura Eskolak ekoitzitako La innovació dins de casa dokumentala estreinatu zuten, eta aldi berean, Galernak Atlantikoko Arkitektura Zinemaldia jarri zuten martxan. Ostiralean, hilaren 26an, amaituko da festibala, eta itxiera ekitaldian Habic klusterrak sortutako Diseinuaren artisauak dokumentala proiektatuko dute. Hiru sari banatuko dituzte: Galernak Saria Film Labur Onenari (2.500€), Mirada Galernak saria pieza arkitektoniko hoberenari (1.000€), eta Publikoaren Galernak saria, bertaratuek bozketa bidez erabakiko dutena (500€).

Nazioarteko zinemaldiak

Azaroaren 25erako, zinema jaialdien hiri-istorioak aztertuko dituen ‘Zinema-jaialdiak eta hiri-eraldaketak’ hitzaldia prestatu dute Donostia Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak, Euskadiko Arkitektura Institutuan. Zinema jaialdiak krisi-momentuetara eta hiri-eraldaketetara nola egokitu diren izango dute hizpide.

Saioa 19:00etan izango da, eta Arianna Laurenzik (Veneziako zinema-jaialdiko proiektu berezietako zuzendaria), Mariette Rissenbeek (Berlingo zinema-jaialdiko zuzendari exekutiboa), Eva Sangiorgek (Viennaleko zuzendari artistikoa) eta Paolo Morettik (Cannesko Quinzaine des Réalisateurs-eko ordezkari nagusia) hartuko dute hitza. Moderatzailea Pablo La Parra Pérez izango da, EQZEko Ikerketa Saileko koordinatzailea eta Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektuaren arduraduna.

Sarrera librea izango da edukiera bete arte, eta aldibereko itzulpen zerbitzua egongo da Zoom bidez. Horretarako, beharrezkoa izango da bertaratuek beren telefono mugikorra eta entzungailuak eramatea.

Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalari buruzko informazio osatua, hemen.