Itsasoak zakar zartatzen du San Lorenzoko hondartza. Itsasgorak paseoa mehatxatzen du. Kilometroak itsasoari begira, azaroko egun erdi eguzkitsu erdi goibelek betetzen dute, baina itsasoak ez dio jaramonik egiten iragarritako meteorologiari. Cimavillan hiriak gora egiten du, estrata estuetatik, erlaitzera bideratuko gaitu, Chillidaren Ostertzaren Gorazarrerarte (Elogio del Horizonte).

Azaroan Xixongo zinema jaialdia ospatzen da, aurtengoa 59. edizioa. Zinema independentea lantzen duen jaialdia dugu Xixongoa, ekoizpen handietatik urrundua. Oraingoan, ziurgabetasuna izan da hein batean zintak lotuko dituen ildoa. Bizi dugun garaiari itxaropenez zein umorez aurre egingo dioten filmak. Etorkizunari begira arituko zaizkio sailkatutako pelikulak eta modu erronkarian baita xamurtasunez blai, muturrean paratzen zaizkigun galdera eta zalantzei modu alai batean aurre egiteko autoa egingo dute.

Amatasuna, zaintza eta aitatasuna ere jarriko dituzte fokuan filmetako askok. C’mon C’mon, Mike Millsen zinta kasu, Ninja Baby, El Planeta, Mass edo Rien à Foutre izango dira adibide. Ikuspegi desberdinetatik landuko da aita-amatasuna eta sema-alaben harremana. Etorkizun likidoari nola aurre egin, ausaz ematen den amatasun edo zaintza nola kudeatu, familiartearen konplexutasunak eta minak txirotasunean zein gizarte bortitz eta gupidagabean, heriotza, galera, doluaren bilakaera.

Dokumentalak ere ikusi ahal izan ditugu jaialdian, eredu esperimental meta zinematografikoetatik, Welcome to ma maison, formalenetara, The first 54 years. Dokumentalgintzaren erronkaz arituko zaizkigu ekuazioaren bi muturretatik, esparru formalean sortuko diren gatazketatik, zalantzak, galderak, beldurrak, industria  hauskor eta prekarizatutik, zein zentsuratik, dokumentalgintzak duen botere politikoaz eta esparru politikoak, narratibak isilarazteko duen dematik. Galizia eta Israel izango ditugu laualdekoaren alde bakoitzean. Proiektuak aurrera eramateko ezkerreko kako-kolpe zuzenena jaurtitzeko prest biak ala biak.

Xixon, hiri langilea dugu, industrial ohiturakoa, itsasoaren  erasoak jasotzera egina. Izate bera jaso daiteke proposatzen duen zinema jaialdiarekin. Jovellanos antzoki jauregizkoan ikusiko dira film asko, zein merkataritza eskola ohian. Beste hainbeste berriz, hiriaren ertzeko muturrena kokatzen den merkataritza zentroan dagoen multi-aretoetan, langile auzoa berau. Jende samalda ikusi dut bertan aretoak betetzeko asmoz, Quebeketik ekarritako filma ikusteko, Portugaldik etorritako bestea pareko aretoan. Bitartean emakume gazte batek txanpon batzuk eskatu dizkit supermerkatuko aparkalekuan, tabakoa erostera taberna baten bila nenbilela.

Hiri samurra da Xixon, abegikorra, beti hitz goxoekin agurtzen zaituena. Ez galdu jaialdira hurbiltzeko aukera, hiria ezagutu, hango jendea. Lasai askoa dirudien tokia baita, eta era berean burrunba zaratatsua bor-bor erraietan daramana. Sagardo eta jatekoarekin jasoko zaituztete bertan, eta gogoangarria den zinemarekin, noski.