Errenteriako Ozzinema zineklubak hitzordu berezia du gaur. Asteartero bezala, 19:30ean, film bat proiektatuko dute Niessen zinema-aretoetan, Familia de medianoche (Luke Lorentzen, 2018); eta Errenteriako Film Laburren Lehiaketaren baitan, film laburren eta bestelako proposamen zinematografikoen audientziei buruzko hitzaldi bat eskainiko dute.

Zine Ikusleen Topaketa Ibiltaria-zineaErrenteriako Film Laburren 26. Jaialdia azaroaren 25etik 28ra bitartean ospatuko dutela aprobetxatuz, Zinema Ikusleen Topaketa Ibiltariak herrian egingo du parada, eta “Zein dira film laburren eta bestelako proposamen zinematografikoen ikusleak?” galderari erantzuna eman nahian elkartuko dira bizilagunak Niessen zinema-aretoetan. Hizlariak Laida Aldaz Arrieta (diziplina anitzeko artista eta El Trastero Creativo kultur elkarteko eta Zinetika Festivaleko zuzendaria), Eva Rivera (Dock of the Bay Jaialdiko zuzendaria) eta Laura Rodríguez Bauza (Kristonkino Ikus-entzunezkoen Kolektiboko kidea eta  Donostiako Donosskino Film Laburren Jaialdiko kolaboratzailea) izango dira.

Solasaldiaren ostean, Familia de medianoche film mexikarra proiektatuko dute. Luke Lorentzen zinemagilearen lanak Ochoa familia jarraituko du Mexiko Hirian zehar: 20 milioi biztanle baino gehiago artatzeko anbulantzia ofizialik ez dagoenez, gabezia hori modu informalean beteko dute lizentziarik gabeko ibilgailuekin.

Saioa 19:30ean hasiko da, eta sarrera doakoa da. Gonbidapenak lortzeko hiru modu izango dira: sarrerak.errenteria.eus webgunean, Lekuona Fabrikan eta Niessen Kulturguneko leihatilan saioa hasi baino ordu bat baino lehenago. Ozzinema zineklubak, Errenteriako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetzan antolatutako jarduera da.

Zinema Ikusleen Topaketa Ibiltaria

2020an egindako audientzia-ikerketa baten ondorioz sortutako ekimena da Zinema Ikusleen Topaketa Ibiltaria, Anbulante Euskadik eta Union de cineastas elkarteek lankidetzan martxan jarritakoa. Topaketak urritik abendura bitartean ari dira egiten, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herrietan, eta zinema-audientzien inguruko hitzaldiak ematen dituzte, udalerrian erakutsi ez diren pelikulen proiekzioekin batera. Ekimenak zinema-eskaintza deszentralizatzearen eta film-komunitate bakoitzaren ezaugarrietara egokitzearen aldeko apustua egiten du.

Ambulante Euskadi zinema dokumentala erakusteko proiektu bat da, eta euskal udalerrietan zehar dabil, tokiko berezitasunei eta interesei egokitutako proiekzio-programa bat eginez. Kuradoretza tokiko entzuleengana hurbildu zen aurreko prozesu baten emaitza da, eta egungo zinema-proposamenekin eraikitzen da. Komunitate bakoitzean zinemarekin dagoen harremanaren arabera, bertako publikoarentzat eta pantailetarako bereziki pentsatutako  proposamen bat diseinatzen dute.