Nafarroako Ekoizpen Zinematografikoko Zentroak (CNPC) bere bulego berriak inauguratuko ditu azaroaren 24an. 2020ko martxoan sortu zuten proiektua, eta Berriobeitiko Sarrio industriagunean kokatu dute instalakuntza. Tokiko profesionalei formakuntza ematen diete eta zerbitzu teknikoak eskaintzen dituzte, baita ikus-entzunezko proiektu teknologikoak garatzeko aukera ere.

CNPC-zinea

Jantziez arduratzen den Peris Costumes taldea, bideo posprodukzioan aritzen den Free Your Mind enpresa, soinua lantzen duen AdHoc eta filmatze materiala alokatzen duen Camera Rental etxea dira Tornasol Films ekoiztetxeak bultzatutako egitasmoaren parte. Egitura berriak Nafarroako zinemagintzari behin betiko bultzada emateko helburua dauka, eta kalitatezko sare profesional sendo bat sortzeko lan egiten dute Nafarroako Ekoizpen Zinematografikoko Zentroan.

Instalazioak Berriobeitiko Sarrio industriagunean kokatuta daude, eta 600 metro karratuko hedadura dute. Tornasol Films sustatzaile nagusiak zazpi film (azkena, Rodrigo Sorogoyen zinegilearen El Reino) errodatu ditu Nafarroan azken hiru urteetan, eta 2020az geroztik hainbat errodaje izan dira bertan, zinemarako zein telebistarako egindakoak: Ana Tramel (TVE etxearentzako ekoizpena), Llegaron de noche (Imanol Uribe), No mires a los ojos (Felix Viscarret), La Novia de América (Alfonso Albacete), El Comensal (Ángeles González Sinde), Mamá está en Tilink (Gabriela Fejerman), edota Bajo Terapia (Gerardo Herrero).

Nafarroako Ekoizpen Zinematografikoko Zentroa Nafarroako Ikus-entzunezko Klusterrarekin (CLANVA) elkartu da, ondorioz, zerbitzu teknikoak emateaz gain, bertako profesionalak prestatzearen eta proiektu teknologikoak garatzearen alde egin dute arduradunek. Azaroaren 24an egingo dute bulegoen inaugurazioa, 19:00etan, eta bertan filmatzen ari diren La Fábrica de Gomas (Gerardo Herrero) filmeko lan-taldea gerturatuko da.