Zinegin euskal zinemaldiaren 10. edizioa azaroaren 25etik 28ra bitartean egingo dute, Hazparnen. Euskara hustezko fikziozko, lan dokumental eta animaziozko film labur eta luzeak emango dituzte, eta Zineginlagun kanpaina jarri dute martxan: festibalak beste hamar urtez burujabe izaten iraun dezan hilabetero euro bat ematera animatu nahi dituzte herritarrak.
“Sasi eta hodei guzien artetik, Xarlex Hazparneko festibaleko igel maskotak 10 kandelak ufatuko ditu, konfinamenduaren ondotik euskal zinemaren ateak berriro zabalduz”. Horrela aurkeztu dute Zinegin euskal zinemaldiaren antolatzaileek 10. edizioa. Izan ere, iaz ohiko jarduna moldatu behar izan zuten pandemiaren ondorioz, eta indarberrituta itzuli dira aurten. 25etik 28ra bitartean egingo dute, Hazparnen, eta hiru gune izango ditu: Haritz Barne zinema-gela, Eihartzea Kultur Etxea eta Xuriatea Ostatua.
2012an, Eihartzea Kultur Etxeak, Ttattola gaztetxeak eta Haritz Barne zine-gelak Zinegin festibala elkarlanean sortu zuten. Geroztik, festibalak hastapeneko xedea bati heldu dio: euskarazko filmak proiektatzea eta euskal kulturak bizitzeko behar duen arnasgune bat proposatzea. Aurten bereziki, fikzio, lan dokumental eta animazio film ugari eskainiko dituzte. Horrez gain, zine-kontzertuak, dantza poteo bat eta zine-filo tailer bat ere hartuko du egitarauak.
Ezagutu azaroaren 25etik 28ra bitartean emango dituzten filmak eta egitarau osatua, hemen.
Zineginlagun kanpaina
Hazparneko Zinegin eta Lekeitioko Zinebilera Euskal Herrian diren euskara hutsezko bi festibal bakarrak dira. Zinegin orain arte diru-laguntza publikoen bidez finantzatu bada ere, jaialdiaren burujabetasuna segurtatu nahian eta beste hamar urtez festibalak iraun dezan, diru-kanpaina bat zabaldu dute. Oinarria sinplea da: hilabetero euro 1 Zineginentzat!