Elías Querejeta Zine Eskolako lehen hiru promozioetako Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza alorretako ikasleek Gipuzkoarekin zuzenean lotutako askotariko proiektuak aurkeztu dituzte gaur, Donostian egin duten agerraldian. Filmak, argitalpen akademikoak edo artistikoak, hainbat gairi buruzko ikerketak eta filmen programazioak eta zikloak, edo zinema ekoizpeneko eta banaketako enpresak dira landu dituzten proiektuak.

EQZE proiektuak-Zinea

Patxi Presa Kultura sustapenaren arduradunak azpimarratu duenez, “nahiz eta eskolaren ezaugarri nagusietako bat ikasleen nazioarteko profila izan, egia da eskolak lotura handia duela gure lurraldearekin”. Izan ere, Gipuzkoa zinemarekin “hertsiki lotuta” dagoela gogorarazi dute hizlariek prentsaurrekoan, “bertan baitaude estatuko zinema erakunde garrantzitsuenetako batzuen egoitzak, Euskadiko Filmategiarena, Tabakalerarena eta Donostia Zinemaldiarena, besteak beste”. Presaz gain, agerraldian Carlos Muguiro (EQZEko zuzendaria) eta Ane Zulaika, Marcela Hinojosa, Noemi Cuetos, Laida Mendia eta Silvia Cruz EQZEko ikasleak izan dira. 

Honako hauek dira aurkeztu dituzte proiektu nagusiak:

  • Emakumeak blai (Ane Zulaika Aranburu). Euskal emakumeek itsasoarekin duten erlazioari begirada berri bat ematea du helburu. Filma EQZEk hasitako ikerlan baten emaitza da, eta artxiboak berreskuratzean eta lekukotza berriak jasotzean oinarritu da. 
  • Oteiza-Embil (Sandra García Bueno). Oteiza eta Embil familien dokumentu funtsak digitalizatzea eta katalogatzea du xede ikerketak.
  • Zine Ikusleen Topaketa Ibiltaria (Marcela Hinojosa eta Noemi Cuetos). Erakusketa eta elkarrizketa espazio bat proposatzen du Gipuzkoako zinema aretoen audientzien inguruan.
  • Irudi korapilatsuak. Euskal animazio esperimentalaren inguruko gogoeta bat (Laida Mendia). Euskal animazio esperimentala ardatz duen ikerketa proiektua da, Begoña Vicarioren eta Isabel Herguera eta Izibene Oñederra gipuzkoarren lanean oinarritua.
  • Vitrine Filmes (Silvia Cruz). 2010ean EQZEren bigarren promozioko ikasle Silvia Cruzek Brasilen sortutako zinema banaketako eta ekoizpeneko enpresa bat da. Enpresa horren ordezkaritza bat ezarri da Gipuzkoan. Banatzailearen luzapen hori eskolako Komisariotza ikasketen esparruan inkubatu zen.
  • Muxika Zinema (Flor de Múgica eta Michael Wahrmann). EQZEren esparruan zentroko ikasleek sortutako ekoiztetxea da.
  • La biblioteca de Maru (Ramón de Fontecha). Maru Rizok Amable Ariasen liburutegian egindako katalogazio, kontserbazio eta dibulgazio lanari buruzko azterlana da. Proiektuak Rizok 30 urtez baino gehiagoz eginiko artxibozainaren lana aldarrikatzen du.
  • Memoria de un cine de pueblo precursor. El cine-teatro Echezarreta de Ordizia (Maitane Juarros). Ordiziako Echezarreta zinema antzokiaren (gaur egun, Herri Antzokia) historiari buruz ahalik eta informazio gehien jasotzea izan da helburua.

Aipatutako proiektuez gain, zentroko ikasle askok lurraldeko kultur erakunde edo eragileekin lotutako ikerketa proiektuetan parte hartu dute, besteak beste: Zinemaldia 70. Historia posible guztiak egitasmoan, Pérdidas de generación Artelekuko bideo bildumaren funtsei buruzko ikerketan, Artesanos del cine euskal zinema amateurrari buruzko ikerketan  edota Arquitectura del cine proiektuan, EQZEk bultzatu eta Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoarekin (UPV/EHU) lankidetzan, zinema espazio arkitektonikoa izateri eta hirian duen lekuari buruzko ikerketan.

Ikusi aurkezpenaren bideoa, hemen.