ITXITIK: 7 begirada, 7 erretratu, konfinamendu bakarra deialdian hautatu zituzten film laburren aurkezpena egingo dute ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren baitan. Zazpi dira guztira, eta horietako bi, Maider Oleagak zuzendutako Kinka eta David Perez Sañudo zinemagilearen Vatios, sail ofizialean ari dira lehiatzen. Gainontzeko bost lanak BBK Aretoan erakutsiko dituzte gaur, 17:00etan.

Itxitik-Zinebi-Zinea

Zineuskadiren lankidetzaz, 255.000 euroko aurrekontua izango duen diru-laguntzen programa bat abiarazi zuen 2020ko abuztuan Eusko Jaurlaritzak ETBren, Donostiako Zinemaldiaren eta ZINEBIren lankidetzari esker. Konfinamenduari buruzko zazpi film laburren ekoizpena babestea izan zuen helburu, eta proiektu hautatuak saio berezi batean proiektatuko dituzte gaur.

Emanaldia 17:00etan izango da, Bilboko BBK Aretoan, eta aurkezpenean Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotzia, Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaria, Gorka García ETBko Programa eta Arte Zuzendaria eta Vanesa Fernández ZINEBIko Zuzendaria egon dira.

Honako hauek dira zazpi filmak:

  • Kinka (Maider Oleaga)
  • Vatios (David Perez Sañudo)
  • Etxean (Mikel Rueda)
  • Hikikomori (Borja Crespo)
  • Los días que (nunca) fueron (Kevin Iglesias eta Pedro Rivero)
  • Serendipia (Iban del Campo)
  • Tartea (Imanol López de Segura)

Ikus-entzunezko sektoreak bizi duen egoera zailaren aurrean, Autonomia gobernuak “ezinbestekotzat” jo zuen uda amaiera jarduera mota horretako proiektuak lankidetza-prozesuen bidez sustatzea. Eragile nagusien arteko zubiak eraiki eta elkarlana indartzea izan zen proposamenaren oinarria, eta, horri esker, Eusko Jaurlaritzaren, Zineuskadiren, EiTBren, Donostia Zinemaldiaren, Zinebiren eta EZAEren inplikazioa izan zuen deialdiak.

Honela, COVID-19ak mundu osoan eragindako osasun larrialdia dela eta, hilabeteotan bizi izandako egoerak irudikatuko zituzten film laburrak galdegin zituzten, ondoren, lan konposatu modura, guztiak harilkatzen dituen film luze bat sortzeko. Honela, ikus-entzuleek konfinamenduaren inguruko “zazpi erretratu, zazpi begirada” ezagutzeko aukera izango dute.