Etxerik gabe edo gizartetik baztertuta dauden pertsonen inklusioa aldarrikatzen duen Homeless Film Festival jaialdia ari dira egunotan Bilbon ospatzen. Saioak Bizkaia Aretoa egingo dituzte gaur eta bihar, eta bertaratzeko gonbidapenak eskatzea ezinbestekoa da.
Gaur bertan ekin dio zinema eta antzerkia uztartzen dituen duen Homeless Film Festival jaialdiaren VI. edizioak, eta dagoeneko egin dituzte lehenengo proiekzioak. Bizitegi elkarteak antolatu du BBK, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitatea eta SZg-ren laguntzarekin. Bihar arte luzatuko da aurtengo ekitaldia, eta hainbat emanaldi jasoko ditu egitarauak.
Gaur, azaroak 17, Mujereando “El quejío de una Diosa” (Carmen Tamaya) dokumentala emango dute 19:00etan. Lanak etxerik gabeko emakumeen errealitatea eta haien ahalduntzea ikusarazi nahiko du antzerkiaren bidez. Errealitate hori gizartearen gehiengoarentzat ezezaguna denez eta kalean dauden emakumeen errealitateari buruzko ia daturik eta dokumentu grafikorik ez dagoenez, proiektu honek balio sozial eta kultural handia izango du.
Bihar, azaroak 18, film laburren txanda izango da. 10:00etan, etxegabeen errealitateari buruzko lanak emango dituzte lehenengo, Santurtzine jaialdiarekin lankidetzan sortutako Kalean sailean. Ostean, Arxandape Ikastola, Begoñazpi Ikastola, IES Rekalde BHI, IES Ibarrekolanda BHI eta IES Ondarroa BHI eskoletako ikasleek sortutako film laburrak erakutsiko dituzte.
Arratsaldean, 19:00etan, Kalean saileko bigarren emanaldi sorta egingo dute, eta Santiago Requejo López-Mateosek zuzendutako Votamos filma emango dute gero. Azkenik, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasleen sorkuntzak aurkeztuko dituzte. Xabier Madariaga kazetariak moderatuko du saioa.
Saioak Bizkaia Aretoa egingo dituzte, eta bertaratzeko gonbidapenak eskatzea ezinbestekoa da Bizitegi elkartearen webgunean.