Nabari da hasi direla egunak laburtzen. Hotza gorpuztean sartu zaigu dagoeneko, eta eztul-zaparradak entzuten ditugu non-nahi. Hilabete falta bada ere, jarri du Bilboko Udalak Gabonetako zuhaitza, eta hiria oraindik itzalita dauden argi eta apaingarriz aurkitu dugu. Azaro bete-betean, aurpegi/sudur gorriak ezkutatu ezinik batzuk, jakak kenduta “oraindik bero egiten du” esanez besteak, Arriaga Antzokiko harrera-gelan elkartu gara zinemazaleak. Halaxe ekin dio, urtero legez, ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak. Sra. Polaroiska (Alaitz Arenzana eta María Ibarretxe) talde artistikoak zuzendu du aurten ere irekiera-gala, azken urteotako martxoso eta dinamikoena. Badira beti bere horretan mantentzen diren gauzak, funtzionatzen badute zergatik aldatu?
Besaulkietan eseri, eta kortesiazko 5 minutuko atzerapena onartuta, argiak hasi dira itzaltzen. Eta bat-batean bateria hotsa. Dum-ba-dum-ba-dum! Ikus-entzuleak burua astintzen, eta hara non, ezkerraldetik gitarra-jole bat erritmoari eutsiz; eskuinaldetik baxu-jolea dator. Hirukotea osatuta, has dadila festa. Capsula dute izena, Euskal Herritik eta Argentinatik datoz, eta ni behintzat, konbentzitu naute. Hiruzpalau aldiz irten da hirukotea animoak goratzera, eta bitartean, patinatzaileen talde bat akrobaziak egiten ikusi dugu taula-gainean. Aspertzeko tarterik ez, eta bidez batez, kirol apur bat egin dugu. Ez txaloak joz soilik, argentinarrek alde egin eta agertokia hutsik delarik, ahots misteriotsu bat zuzendu da gugana: “Zinema maite ez duena, mesedez, gera dadila besaulkiak eserita”. Antzokia zutik, aurreko ilarako bikotea izan ezik. “Nahikoa da, eser zaitezkete”, eta eguneko kirol-saioa eginda, atzera esertzera.
Ikuskizuna gehiegi luzatu gabe, bada garaia 63. edizioko lehenengo Ohorezko Mikeldia emateko. Nor eta, Margarethe von Trotta da hartzailea, Veneziako Mostran Urrezko Lehoia jaso zuen aurreneko emakumea —Die bleierne Zeit (Ahizpa alemaniarrak, 1981) filmagatik—. Feminista, iraultzailea, ezagutu eta aldarrikatu beharreko zinemagilea. Beroketa lanak eginda datoz batzuk, berriz ipurdia altxatzeko puntuan baitira, indar handiz Von trotta txalotuz. Merezitako omenaldia, bai noski! Pena, euskaren aldeko apustu sendoa egin duen ZINEBIk —“Proiektatutako film guztiek (aurrez aurre edo online) azpitituluak euskaraz izango dituzte”— zinemagileari gaztelaniazko itzultzailea soilik jarri izana, ordura arte elebiduna izan den irekiera-galan.
Euskal filmak sail ofizialean
Birsu gogaikarria gure artean dagoela ikusi ditugu sail ofizialeko euskal ekoizpenak. Zazpi guztira, euskara hustez, bi. Eskuzabala izanda, hiru. Musukoa uneoro jarrita eduki behar izan dugu, segurtasun neurri eta protokoloak jarraituz, eta zinemara sartu eta kanpoko munduaz ahazteko gogoz zetozenek zutenek ez dute zorterik izan. Pandemia izan da saioko protagonista nagusia. Lehenengo proiekziotik bertatik argi geratu da zein garai bizi dugun, eta bidez batez, ez-ohiko egoera honek nola baldintzatu eta moldatu duen sortzaileen lan-prozesua. Maider Oleagaren Kinka lana Zineuskadik 2020an abiatutako Itxitik proiektuaren parte da, konfinamenduaren gaia jorratu eta aztertzeko proposamenetik sortua. David Perez Sañudoren Vatios bezalaxe. Ezagunak dira bi zinemagileak jaialdian, bilbotarrek hainbatetan parte hartu baitute sail ezberdinetan. Oleagaren filmak itxialdi egunak batera eman beharko dituzten bi emakume ditu protagonista; amesgaizto bilakatuko da elkarbizitza. Ez al da ba horixe bera denok bizi izan genuena? Beldurrezko generoko kutsua du film laburrak, etxeko lau hormetan giltzaperatuta, detaile txikietan jarri du arreta. Iradokitzailea oso planteamendua, surrealismo puntu bat ere baduena. Berriz diot, ez al zen izan garai hura surrealista?
Sañuderan lanak bestelako ildo bat jarraituko du, kirolari profesionalena. Sarri ahaztu egiten zaigu kirolariak —eta esanda gera dadila, kultur arloko profesionalak ere— langileak direla. Baloi bati ostikadak eman, igeri egin edota autoak gidatzeagatik ez dute mespretxurik merezi. Kasu honetan, txirrindularitza da zinemagilearen istorioaren ardatza. Errepidean —beraien habitat naturalean— entrenatzeko ezintasunagatik etsituta, eta kirol bizitza bukatua duela onartzeko prest ez egon gabe, legez kanpoko sustantziak hartzera tentatuta dagoen ziklistaren barne-gatazkan murgildu gaitu. Sañudo maisua da tentsioa sortzen, obsesioak eta urduritasuna pantailaratzen. Hala erakutsi du bere aurreko film labur guztietan, baita Ane (2020) sarituan ere. Vatios-en formatu aldaketekin biderkatuko du pertsonaiaren agonia eta estresa.
KIMUAK katalogoko hiru lan eman dituzte sail ofizialean, Aitor Gametxoren Berak baleki drama, eta Azaletik azalera (Mel Arranzen) eta Aitor Oñederraren Ur azpian lore animaziozkoak. Galapan Productions eta Sumendi Filmak bizkaitar konpainiek ekoitzi dute lehena, ezinezko maitasun istorioa (ikusi Sumendi Filmak ekoiztetxeko Ander eta Eneko Sagardoy anaiei ZINEAn egindako elkarrizketa: 1. atala eta 2. atala). Iaz publikoaren saria lortzetik dator Gametxo, Hemen, gaur. Berriz lanagatik, eta oraingoan ere txaloak pilatu ditu Arriaga Antzokian. Enkontruak filmatzen maisua da zinemagile lekeitiarra: kamera eskuan, urduritasuna begiradan eta sentimenduak bihotzean. Desordenatua bezain tranpatia da Berak baleki, aita dibortziatu batek barruan duen hutsunea bezala. Hutsune hori betetzeko ideiak ordenatu beharko ditu aita dibortziatu batek, edo behintzat saiatu, eta filmatzen ari den aktore gazte batek lagun diezaiokeelakoan dago.
Bilaketa prozesu baten kontakizuna da Arranzen Azaletik azalera film laburra ere (ikusi ZINEAN egindako elkarrizketa, hemen). Esperimentazioa du oinarri, hurbilketa bat proposatuko digu, larruazalaren ezagutza. Kalakalab laborategiaren babesarekin ekoitzitako lana da, bi urtez eskuz marraztutako 1.500dik gora irudiren emaitza. Formatu akademiko itxian, norberaren gorputzeko aldaketak ulertu nahi ditu Arranzek, ukituz eta sentituz. Bestalde, Madrilen kokatua, txinatar Bazar bateko emakumezko langile bat du Oñederraren sorkuntzak protagonista, mugikorrari pega-pega eginda dagoena mezuen zain. Arranzen lanak arkatzez margotutako zuri-beltzezko irudiak erakusten baditu, guztiz kontrakoa izango da honako Ur azpian lore: estetika txinatarreko kolore-bizidun film laburra. Ongi aukeratutako estiloa dauka, kontatu nahi duenarekin bat datorrena. Aluzinazioak, estasia, sexua fantasia, amesgaiztoak… zertarako eta bortxaketa baten berri emateko. Isilpean geratzen diren istorio gogor bat.
Bi dokumentalek osatu dute sail ofizialeko euskal film sorta, biak Euskal Herritik dezentez urrun filmatutakoak. Txuspo Poyo artista plastikoak dokumental antropologikoa aurkeztu du, Love Needs Time to Kill. Bertan, sistema pedagogiko exotiko berezi batez hitz egingo digu, natura, diaspora, identitatea eta animalia disekatuak elkartuz. Bestetik, Raquel Calvo Larralde eta Elena Molina Merinok elkarlanean zuzendu duten Yungay 7020 lanak 1970ean elur-jausi batek izen bereko hiri koloniala lurperatu ostean hondamenditik bizirik irten zirenen istorioa kontatu dute. Hiria nola berreraiki zuten ezagutu dugu. Lan intimista da, izan ere, ahotsek dute berebiziko garrantzia, tragedia hura bizi izan zutenen testigantzek, eta beraien oinordekoek.