Nazioarteko hainbat zinemalditan lehiatu ostean, tartean, Donostiako Dock Of The Bay musika dokumentalen jaialdian, Poly Styrene: I am a cliché (Celeste Bell eta Paul Sng, 2021) filma Errenteriako Ozzinema zineklubean izango da ikusgai gaur. X-Ray Spex bandako abeslari eta ikurra izan zen Poly Styrene-i buruzko lana da.
Londrestik New Yorkera, Indiatik pasatuz, rock talde baten buru izan zen Erresuma Batuko lehen emakume beltza erakutsiko digu filmak. Abeslariaren alabak (Celeste Bell) gidatuko du kontakizuna, eta 70eko hamarkadako artxiboko irudiak, egunkari pertsonaleko pasarteak, eta Kathleen Hannaren (Bikini Kill/Le Tigre), Vivienne Westwood diseinatzailearen, Neneh Cherryren, Gina Birchen (The Raincoats), Don Letcuts DJ eta dokumentalistaren, Thurston Mooreren (Sonic Youting) eta beste hainbat musikariren testigantzek osatuko dute dokumentala.
Poly Styrene bere ahots pertsonalari eta identitateari, kontsumismoari eta distopiei buruz idatzitako testuei esker ikono kultural bihurtu zen. Misoginiak, arrazismoak eta buruko gaixotasunek abeslariaren bizitza baldintzatu zuten, eta haren trauma iraunkorrek Celesteren haurtzaroa eta bien arteko harremana markatu zituen.
Donostiako Dock Of The Bay musika dokumentalen jaialdian parte hartu zuen iragan ekainean filmak, eta ikus-entzuleen saria irabazi zuen. Gaur, Errenteriako Ozzinema zineklubak berreskuratuta, Niessen zinema-aretoetan emango dute, 19:30ean. Sarrerak 4 euro balio ditu, eta lortzeko hiru modu izango dira: sarrerak.errenteria.eus webgunean, Lekuona Fabrikan eta Niessen Kulturguneko leihatilan saioa hasi baino ordu bat baino lehenago.