Zinegaztelab zinema eta hezkuntza nahasten dituen zinema jaialdia azaroaren 22tik 24ra egingo dute, Bilbon. Aurten, jarduerak aurrez aurre egingo dituzte Bilborock areto kulturalean. 12 urtetik gorako ikasleek egunero tailer bat, hitzaldi bat eta hainbat film labur ikusteko aukera izango dute.
Begira Elkarteak antolatuta, Zinelab jardunaldien baitan ikus-entzunezko sektoreko profesionalak artista berriekin eta publiko gaztearekin harremanetan jartzen dituzte artearen eta teknologiaren adierazpen-aukerak aztertzeko. “Joera Sortzaile Berriak Lankidetza Ingurunetan” lemapean, Zinegaztelab jaialdia egingo dute azaroaren 22tik 24ra Bilbon, eta diziplinarteko sormen baten inguruan komunitate bat sortzeko xedez bilduko dira Bilborock aretoan.
Gogoeta eta eztabaidarako tresna modura ulertuta, sektoreko profesionalekin tailerrak, mintegiak, solasaldiak eta topaketak egingo dituzte hiru egunez sektoreko profesionalek bigarren hezkuntza eta batxilergoko ikasleekin. Azaroaren 22an Adri Nogales sortzaileak stop-motion tailerra eskainiko du 11:00etan, eta ostean, sei film labur proiektatuko dituzte.
Hilaren 23an, 13:30ean, Koldo Gutierrez kazetaria eta kultura-kritikariak bideo-jokoen inguruko tailerra eskainiko du. XXI. mendeko arte nagusia delakoan, horien bidez gizarte-gatazkak aztertuko dituzte: bullying-a, homofobia, indarkeria matxista, larrialdi klimatikoa, migrazioak, osasun mentala eta gerrak, besteak beste. Ostean, Nora (Lara Izagirre, 2020) filmeko aktore den Ane Pikaza izango dute hizlari 16:00etan, eta gero, zazpi lan emango dituzte.
Azaroaren 24an, Jokin Urruticoechea gidoilariak eta Lois Patiño zinema zuzendariak tailer eta hitzaldi bana emango dute. Jardunaldiari amaiera emanez, zazpi film labur proiektatuko dituzte. Ezagutu egitarau osatua, hemen.
Edizio honetan parte hartzeko asmoa duten eskolek Begira Elkartearekin jarri beharko dute harremanetan leire@begira.eu helbide elektronikora mezu bat idatziz, edota 944050565 telefono zenbakira deituz.