Zuzendaria: Juanjo Giménez
Urtea: 2021
Herrialdea: España
Oreka belarrian aurkitzen da. Bestibulu aparatuan, erdi belarrian. Entzumenaz gain, oreka eta inguruarekiko kokapen espazial-denboralean kokatzen laguntzen gaitu. Entzumenak eta orekak, errealitatearekin atxikita mantetzea ahalbidetzen du. Erantzutea baimantzen digu eta inguruarekin denbora errealean elkar harremantzen eta eragitera laguntzen gaitu.
Juanjo Giménezen lehenengo film luzea dugu Tres. Timecode film laburra aski ezaguna zuzendu, Canesen palmondoa, Goya irabazi eta Oscarretarako sailkatua izan ondoren. Oraingoan esperientzia sinestesiko berezian murgilduko gaitu, soinu disenatzaile baten istorioaren bitartez.
Protagonistak, Marta Nieto, ez du garai goxoa bizi. Lanean orduak pasatzen ditu, soinu disenatzaile bezala. Etxe txiki batean bizi da, bikote oihak utzi dio, denbora tarte labur batez etxea, luze darama bertan, mugitu beharko luke. Bakarrik aurkitzen da. Familiarekin harreman urria, orduak estudioan, lo ere noizean behin. Profesionaltasun eta zorroztasun falta egotziko dizkiote. Lanean huts egiten hasiko da. Lana, protagonistaren zutabeetako bat zabukatuko da. Ez ditu behar den zuzentasunarekin egokitzen soinuak, bere denboran, doiketa galtzen ari da. Desakonpasatuki, errealitatetik urruntzen hasiko da.
Zuzendariak esperientzia poetikoaren bitartez pantailaratuko digu protagonistaren gatazka. Nortasun estualdian bizi da, lana hari batetik zintzilik, bikoterik ez, lagunik ez ia, familian ama geratzen zaio soilik, ez dute maiz elkar ikusten. Laguntza eskatzea zer den ez dakien protagonista izango dugu, laguntza jasotzen ez dakiena. Aurrera, aurrera, egingo du. Eta horrela aldendu egingo da errealitateaz. Antsietateak zartatuta.
Bihotz taupadak entzungo ditugu, eta arnasa, agonikoki airerik jaso nahi ez dituen biriketan sartzen. Bitartean errealitatea, deszifratzen gero eta zailagoa bilakatzen den inguru erasokorra. Aztoragarria izango da zuzendariak soinu esperientzia ezin harrigarriagoan eraiki duen mundua. Soinuen ekoizpen maisuzkoaren bitartez, protagonistarekin jaurtiko gaitu, antsietatearen putzura. Ikusiko ditugu gauzak, errealitatea hor dago, gure aurrean, baina ez dugu jakingo dagoeneko nola egin harekin harremantzeko.
Zintak nortasuna, norberaren ezagutza eta erreferentziazko inguru afektiboaren garrantzia irudikatuko du. Metafora soinuzko eta gidatuen bitartez. Heldulekuak ezinbestekoak dira bizitzan, norekin maitatua sentitu, norberaren irregulartaasunak barkatu eta onartzeaz ariko zaigu. Eta bilaketaz, nortasunaren bilaketaz eta berau besarkatzeaz, munduarekin berriz konektatzeko.
Ez da film borobila eta haria galtzeko zorian aurkitu gaitezke uneren batean, norabide argirik ez duela iruditu baitezake tarteka. Protagonistaren zorabioarekin bat egiteak zentzua emango lioke, baina. Erritmoarekin ere galdu gaitezke akaso uneren batean, eta filmari amaiera ematen dion epilogoaren formaren oso aldekoa ez banaiz ere, esan beharra daukat, benetan filmak une epikoak dituela. Guztiz gorpuzkoa, hezur-haragizkoa den sentsazioak bizitzera eramateko gaitasuna duela. Konektatzearen beharra, parte sentitzearen beharra, ikusia, entzunda, ulertua izatearen behar berebizikoa jarriko ditu fokuan filmak. Maila eta eskala guztiak gaindituko dituen Marta Nietoren lan apartekoarekin.
Lan zintzoa eta berezia beraz Tres. Ez galdu zineman ikusteko aukera.