Euskaltzaleen Topaguneak eta Lekeitioko Euskal Zine Bilerak elkarlanean antolatzen duten Kameratoia film laburren rallyaren deialdia azaroaren 12tik 14ra ospatu dute, eta orain, ikus-entzuleen epaia ezagutzea besterik ez da falta. Hilaren 18ra bitartean, aurkeztutako 16 film laburrei bozka emateko aukera dago.

Kameratoia 2021-Zinea

Kameratoia 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako euskarazko ikus-entzunezkoen rallya da, mekanika oso erraza duena: parte hartzaileek gehienez ere 3 minutu eta erdiko iraupena izango duen lana aurkeztu behar dute aurrez zehaztutako denbora jakin baten barruan. Bada, 17. edizio honetako film laburrak prest daudelarik, guztira 16, ikus-entzuleei dagokie gustuko lana bozkatzea. Azaroaren 18ra bitartean, zinebilera.eus webgunean egongo da aukera, 20:00ak arte.

Hiru sari egongo dira jokoan:  batetik, Euskal Zine Bilera jaialdiko Publikoaren saria jasotzen duen lanaren sortzaileei, gau bateko egonaldia oparituko diete, Lekeitioko Trinkete aterpetxean. Bestetik, irabazleak 800 euroko ordainsaria jasoko du, 400 eurokoa bigarrenak. Erabakia Aitziber Garmendia aktore eta sortzailearen, eta iazko Euskal Zine Bileran zuzendari onenaren saria jaso zuten Ibon Goiko eta Aitor Mendilibarren esku geratuko da.

Kameratoiaren irabazleak azaroaren 21an iragarriko dituzte, 17:00etan, zinebilera.eus webgunean egingo duten online emankizunean.