Donostia Zinemaldiak, Cannesko Zinema Jaialdiko Marché du Film merkatuak eta Ventana de Sur Latinoamerikako merkatu nagusiak Proyecta 2021 ekimena jarri dute martxan elkarlanean. Azaroaren 29tik abenduaren 3ra bitartean egingo dute laugarren edizioa, eta 16 proiektuk parte hartuko dute.
Latinoamerikaren eta Europaren arteko koprodukzio baten bila dabiltzan eta garatu bidean dauden 16 proiektu aurkeztuko zaizkie ekoizle, programatzaile eta salmenta-agenteei Proyecta 2021 ekimenaren batian, finantzazioa osatzeko eta nazioarteko banaketa egiteko bazkideak aurkitzeko asmoz. Laugarrenez ospatuko dute aurten, eta aurrez aurreko edizioa izateaz gain, online ere gauzatuko dute.
Hamaika proiektu dira Latinoamerikatik eratorritakoak (Argentina, Bolivia, Brasil, Kolonbia, Costa Rica eta Ekuadorrekoak), eta gainerako bostak europarrak (Alemania, Espainia eta Turkiakoak). Hautatutako ekoizpenetan badira azken urteotan Donostia Zinemaldiko sail ezberdinetan parte hartu duten zuzendarien lanak.
Azaroaren 30ean pitching saio bat egingo dute Buenos Airesen, eta abenduaren 1ean, akreditatuek industriarekin aurrez aurreko hitzorduak egiteko aukera izango dute ekoizleek. Horrez gain, azaroaren 30ean eta abenduaren 2an, proiektuetako ordezkariek one to one topaketa birtualak egin ahal izango dituzte.
Proyecta ekimena Ventana de Sur-ek antolatzen du, Latinoamerikako ikus-entzunezkoen merkatu nagusiak. Merkatu hori Argentinako Zinemaren eta Arteen Institutu Nazionalak (INCAA) eta Marché du Film-Festival de Cannes-ek antolatzen dute. Laugarren edizioa azaroren 29tik abenduaren 3ra ospatuko dute.
Ezagutu hautatutako hamasei proiektuak, hemen.