Arantza Santesteban zinemagilearen 918 gau film esperimentala Torino Film Festival eta Bartzelonako L’Alternativa jaialdietan lehiatuko da datozen asteetan.

918 gau-Zinea

Ibilbide polita egiten ari da 918 gau filma. Kontakizunak “gainjarritako kontrol-sistemekiko erresistentziari buruz hausnartzen” duela  goraipatu zuen azaroa hasieran DOC Lisboa – Lisboako Dokumentalen Jaialdiko epaimahaiak, izan ere, Grande Prémio Cidade de Lisboa saria irabaztetik dator. Hasitako bideak ez du etenik izango eta, nazioarteko bi zinema jaialditan lehiatuko da Santestebanen lanak datozen asteetan.

Bartzelonako L’Alternativa Zinema Independentearen Jaialdiko sail ofizialean egongo da ikusgai azaroaren 18an (21:30ean), ekoizpen espainiarrei zuzendutako atalean. 28. ekitaldia du aurten jaialdiak, eta  hilaren 15etik abenduaren 5era bitartean ospatuko dute. Jaialdian Oskar Alegria zinemagilea ere izango da, izan ere, ‘El Temps de les Portes’ zieneko klase magistrala eskainiko du azaroaren 22an eta 23an.

Ostean, azaroaren 26tik abenduaren 4ra bitartean ospatuko duten 39. Torino Film Festivalean parte hartuko du Santestebanen lanak. TFFDOC-Internazionale sailean lehiatuko da, eta bi emanaldi izango ditu. Lehenengoa, azaroaren 29an (19:00etan); bigarrena, hurrengo egunean (22:00etan).

Euskaraz filmatutakoa, kartzela barneko eguneroko bizitza ulertzeko funtsezkoak diren arazoak jorratu ditu Santestebanek 918 gau filmean, Txintxua Films eta Hiruko Filmakek ekoitzitako lanean. Donostia Zinemaldiaren Ikusmira Berriak egitasmoaren 4. edizioan eman zituen proiektuaren lehen urratsak 2018an, eta jaialdi bereko WIP Europa jardueraren parte izan zen 68. edizioan.