Azaroaren 12tik hilaren 19ra bitartean ospatuko dute ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 63. edizioa, eta urtero bezala, Europa Creativa Desk MEDIA Euskadirekin lankidetzan industria arloko zenbait jarduera jasoko ditu egitarauak: Zinema Dokumentaleko Jaialdien Nazioarteko Topaketa eta ZINEBI Networking. Dokumentalen sorgunea foroa.

Azaroaren 15ean Zinema Dokumentaleko Jaialdien Nazioarteko Topaketa egingo dute Azkuna Zentroko Bastida aretoan. COVID19aren pandemiaren ondoren Europako zinema dokumentaleko jaialdiek dituzten erronkei buruz hausnartuko dute, eta eztabaidarako tartea ere izango dute parte hartzaileek: Cinéma du Réel (Frantzia), Doclisboa (Portugal), Ji.hlava (Txekiar Errepublika), DOK.Leipzig (Alemania), DokuFest (Kosovo), Punto de Vista (Nafarroa), FIPADOC (Biarritz) eta DOKFEST (Kosovo) zinemaldi prestigiotsuetako ordezkariak izango dituzte gonbidatu. Egungo egoerari buruz hitz egingo dute, premia propioak dituen zinema-industriaren atal batean duten eginkizunari buruz hausnartuz, eta gaur egun dokumentalen zuzendari, ekoizle, banatzaile eta erakusleek zer eskatzen duten aztertuz.

Zinema dokumentalen topaketa

Bestalde, ZINEBI Networking. Dokumentalen sorgunea zinema dokumentalaren laugarren foroan zazpi proiektuk parte hartuko dute. Azaroaren 16an eta 17an garatuko da, eta irabazleak 10.000 euroko saria jasoko du. Hautatutako proiektuen sortzaileek banan-banako tutoretza saioetan parte hartuko dute Virginia Garcia del Pino zuzendari eta artistarekin, azaroaren 16an. Aurrez aurrekoko topaketa publikoari dagokionez, Aida Vallejo sormenezko zinema dokumentaleko irakasle eta adituak gidatuko du.

Foro honen bidez, ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatu nahi dute beste urte batez Bilbon, Bizkaian eta EAEn. Izan ere, industriari eskainitako jardunaldien barruan, tokiko talentuaren topagune bilakatu da ekimena. Gure ingurune hurbilenean zinema dokumental sortzaile eta independenteko proiektuak sortzen eta garatzen laguntzea da helburua, baita euskal produkzioaren eta nazioarteko produkzioaren arteko sinergiak ezartzea ere.

Networking