Ritxi Lizartza, David Pallarés eta Oier Aranzabalen Apaiz kartzela (2021) filma Festival del Cinema dei Diritti Umani di Napoli zinemaldian lehiatuko da. 1968-1976 aldian Zamorako apaiz kartzelan preso egon ziren abadeen bizipenen inguruan ardaztuko da lana, eta Human Rights Doc sailean parte hartuko du.

Apaiz-Kartzela-kartela-ZineaAzaroaren 10etik 20ra bitartean egingo duten Festival del Cinema dei Diritti Umani di Napoli zinema jaialdia “munduko pertsona guztiei zuzenduta” dago, baina 2021eko ekitaldian, bereziki, Val Susako komunitatea izango dute aldarri, izan ere, 30 urte baino gehiago daramatza harrotasunez abiadura handiko trena eraikitzearen kontra borrokan. Guztira, 40 herrialdetako 257 lan aurkeztu dira aurtengo deialdira, eta programatzaileek 44 hautatu dituzte Napolin ospatuko duten XIII. edizioan lehiatzeko. Ingurumena, migrazioa, errefuxiatuak, tortura, haurren eskubideak, pobrezia, indarkeria, emakumeen eskubideak, langileen eskubideak… dira filmek jorratuko dituzten gaiak.

14 izango dira film luzeen Human Rights Doc sailean parte hartuko duten ekoizpenak, tartean Apaiz kartzela. Lizartzak, Pallarések eta Aranzabalek zuzendutako filma doan ikusteko aukera egongo da Festival del Cinema dei Diritti Umani jaialdiaren webgunean azaroaren 17tik 28ra bitartean. Aurretik baina, horretarako ahalbidetu duten www.cinenapolidiritti.online plataforman izena eman beharko da.

Abade antifrankistak

1968 eta 1976 artean 50 bat apaiz (gehien-gehienak Euskal Herrikoak) kartzelatu zituzten Francisco Franco diktadorearen errepresioaren aurkako jarrera erakusteagatik. Sermoietan diktaduraren zapalkuntza salatzeagatik hamabi urteko kartzela-zigorrak jaso dituzten abade horiek nekez ahaztuko dituzte nazioarteko komunikabideetako albistegiek 1973. urtean eman zituzten mutinaren irudiak. Izan ere, Zamorako (Espainia) konkordatu-kartzelari su eman zioten bertan preso zeudenek.

Bada, garai latz haietan bere gizartearen aldeko konpromisoari irmo heldu zioten abade haien bizipenak azaleratuko ditu Apaiz Kartzela dokumentalak. Belaunaldi berrientzat ezezaguna baita Zamorako apaiz-kartzelaren historia, eta, askotan esan diguten moduan, ezezaguna izateaz gain, kontatu gabe ere baitago. Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldian aurkeztu ondoren, azaroaren 26an egingo dute estreinaldi komertziala.

Apaizak AIEk zein Donostiako Maluta* Films ekoiztetxeak sustatutako lana da, Azaroa Films eta Zabriskieren ekoizpen elkartuarekin, eta, besteak beste, EITBren, Gogora Institutuaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Otxoa de Baraindika Fundazioaren eta Etxepare Institutuaren parte hartzearekin. Talde teknikoari dagokionez, Xabier Etxeberriak eta Martin EtxeberriakMiguel Angel Elustondok eta Jon Mikel Aldanondok sinatu dute gidoia, eta Maialen Sarasuak burutu ditu edizio lanak. Halaber, Kote Camachok sortu ditu animazioak, eta Joserra Senperenarenak dira doinuak.