Oier Oa euskal preso ohiari buruzko Zigor bat gehiago dokumentala sortu dute Bernat Etxepare lizeoko bi ikasle ohik, Kanalduderekin batera, eta BERRIA egunkariaren webgunean estreinatu dute bart.

Hirugarrenez egin du Oa euskal preso ohiak Frantziako Estatuan egoteko lurralde debekua kentzeko eskaera, azkena, atzo bertan, eta abenduaren 6an jakinaraziko dio Parisko Zigor Auzitegiak erabakia. Jaiotzez donostiarra bada ere, Lapurdin ditu Oak emaztea eta semeak, baina ezin da bertaratu. Zugarramurdin (Nafarroa) bizi da, eta 2022ko otsailean du lurralde debekua urratzeagatik epaiketa.

2012an Angelun (Lapurdi) atxilotu zuten aurrenekoz donostiarra, eta 2015ean utzi zuten aske, Frantziako lurraldean bizitzeko debekuarekin. Ordutik, familia bisitatzeko joan-etorriak egin ditu, baina Larresorotik Baionara bidean, errepide kontrol batean gelditu eta Frantziako Estatuan bizitzeko zuen debekuaren ondorioz, komisariara eraman zuten.

Bada, preso ohiaren estualdi zein bide malkartsua aztergai, Ekhi Perrier eta Thomas Brillaxis Baionako Bernat Etxepare lizeoko bi ikasle ohik Oaren kasua azaltzen duen ikus-entzunezkoa zuzendu dute. Dokumentalak 24 minutu irauten ditu eta Kanaldudek ekoitzi du. Azaroaren 5ean Larresoroko Herriko gelan aurkeztu zuten lana, eta BERRIA egunkariaren webgunean estreinatu zuten azaroaren 8an, 20:00etan. Kanaldude eta Naiz atarien webguneetan ere ikusgai dago.