Alex Aginagalde eta Izaskun Rekalde mugimenduko ordezkariek Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordearen bileran hitza hartu dute hitza. Agerraldian euskaldunen eskubideak bermatu daitezen urratsak emateko eskatu diote erakunde eta ordezkari publikoei. “Larrialdi egoeran gaude”.

Pantailak Euskaraz Legebilztarrean-ZINEA

Pantailak Euskaraz ekimenak pantailei lotutako gizarte eta aisialdian “euskararen presentzia” hutsala dela salatu du Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordearen bileran egindako aurkezpenean. Alex Aginagalde eta Izaskun Rekalde ekimeneko ordezkariek hartu dute hitza, eta plataforma digitalen gorakadarekin ikus-entzunezko kontsumoa nola aldatu den azaldu dute. “Euskaldunon %47k kontsumitzen ditugu streaming bidezko plataformak, eta 20-24 urte arteko gazteen %75ek. Baina zein da euskarak horietan duen presentzia? Netflixen, hiru ekoizpen daude soilik. Disney Plusen, 0. HBO Maxen, 0. Amazonen, bi”. Gazte eta nerabeek kontsumitzen dituzten edukiak gaztelaniaz edo ingelesez izan ohi direla zehaztuz, eta dituzten erreferenteak erdaldunak izanik, “larrialdi egoera batean” gaudela ohartarazi du Aginagaldek.

Zinema aretoetan, euskarazko emanaldiak iaz %1 baino ez zirela izan, eta euskararen kale erabilera puntu bat baino gehiago galdu duela erakutsi dute. Hala, zonalde ez euskaldunetan eta familia erdaldunetan ikasle askorentzako “euskarazko input bakarra” eskola dela jakinda, bertan euskararen erabilera bermatzen ez bada “aisialdian pausuak ematea urgentea” dela aldarrikatu dute ekimenean elkartu diren eragileek iragan ekainean landu zuten taulako hamar puntuak banan-banan azalduz.

Eusko Legebiltzarrean egindako aurkezpenean Aginagaldek ondorioztatu du pantailetan euskararen presentzia sinbolikoa dela, eta gure hizkuntza ohituretan erabateko eragina duela. Horregatik, iritzi dute estrategikoa dela pausu sendo eta ausartak ematea eragileen partetik, eta plazaratutako proposamen zehatzetan euskara hutsezko plataforma sortzeko eskaria egin dute, bertan nazioarteko ekoizpenak bikoiztu eta plataforman txertatzeko ere. Gainera, Streaming plataformari kuotak ezar daitezen nahi dute, Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokor berrian.

Talde politikoek zuzenean jarraitu dute aurkezpena, eta eragileek egindako lana eskertu badute ere, jarrera kontrajarriak agertu dituzte Elkarrekin Podemosek, EH Bilduk, PSEE-EEk eta EAJk. Familien diru-ahalmena azpimarratu du Elkarrekin Podemosek, denek plataformetan izena emateko gaitasunik ez dutela argudiatuz. Ikus-entzunezko Kontseilua sortzeko eztabaida blokeatzea leporatu dio EH Bilduk EAJri, eta honek Primeran streaming plataforma aurkeztuko dutela erantzun du. PSE-EEK Pantailak Euskaraz ekimenaren planteamenduak aintzat hartuko dituela esan du.

Ekimenaren inguruko informazio guztia Pantailak Euskaraz atarian topatuko duzue.