Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak elkarlanean antolatutako aurtengo Nosferatu zikloa Luis Buñuel zinemagile aragoiarrari eskaini diote, eta honi lotutako euskarazko argitalpena azaroaren 10ean aurkeztuko dute Tabakaleran. Harkaitz Canok idatzi du Kandelikara – Buñueli buruzko film baterako apunteak izeneko liburua.

Buñuel-liburua-ZINEA

Urtarrilean abiatu zuten Aragoiko jenioari eskainitako Nosferatu zikloa Un chien andalou (1929) eta La edad  de oro (1930) filmen emanaldiekin, eta dagoeneko azken proiekzioak ari dira eskaintzen. Zikloarekin batera bi liburu argitaratuko zituztela iragarri zuten antolatzaileek, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz, eta dagoeneko iritsi da bigarren hau ezagutzeko unea. Harkaitz Cano lasartearrak prestatu du Nosferatu Bildumako euskarazko 9. alea, Kandelikara – Buñueli buruzko film baterako apunteak izenekoa, eta Donostiako Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentro erakutsiko du lehenengoz.

Idazleak horrela definitu du bere sorkuntza: “Literaturaren alde jostarienetik zinemari egindako omenaldi bihurri hau, Luis Buñuelen eta beste artista askoren testu, film, elkarrizketa zati, poema, off-eko ahots eta bestelakoen remake bat da. Tarteka, egileak asmatutakoak ere badira. Inoiz edo behin, Buñuelekin zerikusirik ez duen jendeak parte hartuko du: adibidez, aseguru-saltzaile armeniar batek. Badelako modu bat saiakera fikzio bihurtzeko: aski da kandela baten argitan irakurtzea, liburuak esku artean su hartzen dizun bitartean”.

Aurkezpen ekitaldia azaroaren 10ean egingo dute, 18:00etan, eta Iratxe Fresneda kazetariak ere parte hartuko du saioan. Canok eta Fresnedak liburuaren eta Luis Buñuelen inguruan hitz egingo dute. Bertaratzeko gonbidapenak eskuragai daude dagoeneko Tabakalerako webgunean.

Aurretik, otsailean argitaratu zuten Calandako zuzendariaren sorkuntzari buruzko lehen liburua, Buñuel ongi ezagutzen zuten adituen hemezortzi artikulu biltzen dituen 300 orrialdeko argitalpena. Sortzailearen inguruko ikuspegi ugari eskaintzen ditu, akademia-munduaren eta zinemazaleen interesa asetzeko. Colección Nosferatu-ko 17. Zenbakia, Jesus Angulok eta Joxean Fernandezek koordinatu dute.