Azaroaren 11n, mendia eta abentura batzen dituen Mendi Tour mostra ibiltariko filmak ikusteko aukera egongo da Portugaleten, eta Euskal Herriko eta Kantabriako hainbat herritatik igaro ostean, Sopelan emango diote bukaera aurtengo saioei, hilaren 20an. 31 geltokitan 8 mila ikusle izan ditu urtarrilaz geroztik.

mendi-tour-2021Urte zaila izan da mostra ibiltariarentzat, COVID19aren eraginez, lurralde eta edukiera mugek nolabaiteko eragina izan dute ekimenean, nahiz eta norabide berberetik jarraitzeko kemena erakutsi duten. Urtarrilean abiatu zuten Mendi Tour zikloa, eta 31 geltokitan 8 mila ikusle izan ditu. Trena baina, helmugara iristear da. Azaro bete-betean aurtengo azken emanaldiak egingo dituzte, abenduaren 3tik 12ra bitartean ospatuko duten 14. BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinema jaialdiaren atarian.

Azaroaren 11n, Portugaleteko Ballonti merkataritza-zentroan ekingo diote jarduerari, eta bertaratu nahi dutenek egunean bertan jaso beharko dute gonbidapena, 19:00etatik aurrera, aretoko leihatilan. Saioa ordu erdi geroago hasiko da. Egun berean, Errenteriako Niessen Kulturgunean emango dituzte Mendi Film jaialdiko sail ofizialeko lan nabarmenenak, 19:30ean, eta sarrerak online eskuratu ahalko dira sarrerak.errenteria.eus atarian, 3 euroan. Hilaren 12an,  Gipuzkoatik irten gabe, Elgoibarko Herriko Antzokia egingo dute geralekua, eta Bizkaira, Basaurira, itzuliko dira azaroaren 16an. 4 eta 5 euro ordaindu beharko dituzte ikus-entzuleek hurrenez hurren.

Europako IV. Mendi Jardunaldien baitan, Kantabriara egingo du Mendi Tourrak eskapadatxoa. Potes-Liébanan, Europako mendien bihotzean, izango da jardunaldi bikoitza (azaroak 19 eta 20), doan. Abenturari bukaera emanez, aldiz, Sopelara iritsiko da mostra ibiltaria. Kurtzio Kultur Etxean egingo dute saioa, 20:00etan, eta gonbidapenak 10 egun lehenagotik egongo dira eskuragai leihatilan eta udaleko webgunean.

Mendiko zinemagintza da abendu oro Bilbon ospatzen den BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdi tematikoaren ardatza, eta generoa abiapuntu hartuta, harekin erlazionatuta dauden gaiak jorratzen dituen film andana aurkezten dituzte urtero luzatzen duten deialdira. Bada, Mendi Tour egitasmoaren bidez, Euskal Herriko zein Espainiar estatuko herrietan ere erakusten dituzte aurreko edizioko film nabarmenenak.

Ezagutu azaroko programazioa, sarreren prezioa eta proiektatuko dituzten filmak hemen.