80ko hamarkadaren hasieran desagerrarazi zuten Komando Autonomo Antikapitalistetako kide izan zen Naparra, eta hura azkenengoz ikusi zutenetik 40 urte pasa direnean ikusiko du argia Bolante baten historia dokumentalak. Azaroaren 19an estreinatuko dute Euskal Herriko zinema aretoetan, eta aurretik, ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian lehiatuko da, 63. edizioko Bertoko Begiradak sailean.

Bolante baten historia-ZINEAJosé Miguel Etxeberria Álvarez Naparraren desagerpenaren istorioa mundura zabalduko du Bolante baten historia dokumentalak, Etxeberria- Alvarez familiaren bizipen pertsonaletatik abiatuta. Kendutako bizitza horrek eragindako minaz, giza eskubideen urraketaz, bidegabekeriaz hitz egiteko beharrez, eta dolua itxi eta gizarteari gertatutakoa ezagutarazteko asmoarekin, memoriarako eskubidea aldarrikatuko dute Iñaki Alforja eta Iban Toledo zinemagileek sorkuntzan, ON Produkzioak ekoiztetxearen babesarekin.

Bolante baten historia 69. Donostia Zinemaldiko Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatu zen iragan irailean, eta azaroaren 19an, iritsiko da Euskal Herriko zinema aretoetara. Irakurri Ines Arruek Zinemaldiaren baitan idatzitako kritika.

Aurretik, hilaren 16an, ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian erakutsiko dute bi zinemagileek dokumentala, 63. edizioko Bertoko Begiradak sailean.

Filmaren aurre produkzioa abiatu zutenean (gidoiak prestatu, bidelagunak bilatu, etab.), proiektua hainbat lekutan aurkezteko aukera izan zuten: Arroxelako Sunny Side jaialdia, Biarritzeko FiPaDoc-en, Donostian, Bilboko ZINEBIn… eta mezenasgo bidezko azken bultzadatxoa emateko Verkami plataforma bidezko Crowfunding kanpaina abiatu zuten ekoizleek.