Euria ari du, haizea, hotza. Zorte pixka batekin udazkeneko lehenengo egunetan, hosto marroixka dantzariak eragiten dituen hego haizea dugu ere. Gaztain erre usaina hasi da dagoeneko kale bazterrak zeharkatzen. Dagoeneko egunak motzagoak dira, arinago iluntzen hasi da. Ordu aldaketa garai honetan ematen da. Ordu bat desagertu egiten da, magia trikimailua bailitzan.

Jende ilarak kolpatzen dira Antzoki zaharreko kale kantoian, argiteriaren, euritakoen eta zaratapean. Poteoan dabilen jendea, turista galdu arduragabeak eta gau beltza.

Hau Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea da. Sar zaitezte bada aretora, prest bazaudete.

Eseri da publikoaren gehiengoa, aretoa ilunpetan, eta hasiko da filma, beldurrezkoa, badatoz lehehengo irudiak, ekoiztetxe bateko logoa, otxo bat. Auuuuuuuuuu, entzuten da aretoan, norbait uluka. Auuuuuuuuu, jarraitzen dio ikusle taldeak. Txalo zaparrada dator ondoren. Bravo! Itzela! Gidoi hoberenari saria! Entzuten da aretoan. Xxxxxxxxxxt! Xxxxxxxxxt! Norbaitek. Xxxxxxxxxxxxt! Aretoak aho batez.  Halakoxea da beldurrezko asteak eskaitzen duen esperientzia. Esperientzia partekatua. Filma, ikuslea eta ikuslegoa batu egiten da zinemaz gozatzeko eta zinemarekin bat egiteko, erritualaren parte aktibo bezala.

Aurrera egiten du zintak, mink, entzuten da, meh! Mink! Ilunpetan, igelek egiten duten bezala, desakonpasatuki entzuten dira, aurreko film batean irriak sorrarazi zituen pertsonaietako baten izena. Mink! Josemiiiiiii! (Jaialdiko zuzendaria) Irriak.

Beldurrezko jaialdiak badu zerbait familiakoa. Bertara hurbiltzen direnak jarraitzaile sutsu eta zintzoak dira, leialak. Aretoak liturgia gisa eragiten du. Bertan, fantasiazko eta beldurrezko filmek sorrarazten duten jaiera ezin hobeki elkarbanatzen da. Hartu eta zabal ezazue. Baina hau zer zen, amets bat? Oihukatzen du ikusle batek. Beste muturretik beste batek, Los Serrano! Erantzuten dio.

Aurtengo edizioan, animaziozko Belle eta Cryptozoo ikusi ahal izan ditugu, animazioa fokuratzeko bi mutur guztiz kontrajarriak irudikatuz. Urazpiko beldur itogarria The Deep Housen. Edgard Wrighten Last Nigh in Soho. Folk horror ‘cañi’ eta Wrightarra, La Pasajeran. Zonbi japoniarrak, denboran bidaiak, eta Tailandiatik ezin hobeki babestuta, exorzismo txamanikoa, The Mediumen eskutik, besteak beste.

Baina hau ez da guztia izango. Beldurrezko asteak film sailkapen interesgarria ekartzen du gurera urtero. Odolustea, sarraskia eta triskantzak ikusi ahal izango ditugu, baina animaziozko zinta bereziak ere, film laburrak, fantasiazko zinema. Jaialdiak zinema ohikotik at dauden generoei kabida emango die, tokia eskaini, eta gu huraz gozatzeko prest izango gara. Horrez gain, erakusketak, aurkezpenak, fanzine leihaketa eta espektakuloa izango dugu. Esan bezala, jaialdiak bere liturgia propioa baitauka. Mink!

Beldurrezko astearen deskribapen grafiko hoberena, Gremlin samalda litzateke, oihuka eta bazterrak nahasten irudikatu beharko genituzke, aretoa leporaino beteaz. Aitortu beharra dago baina, eta hau askok ez dute onartu nahi izango, ikusi izan dudala, nola film batzuetan zuzendariek, aktoreek, istorioek, publiko zirikaria otzantzeko gai diren. Magia balitz bezala, aretoa batzuetan isilduz doa, apurka apurka, pantailak eskaintzen duen hortara abia gaitezen. Besteetan filmaren gehigarri da, soinu banda bezalakoa, basurde algaratsuen besta, irri eta orro artean.

Ez laidoztatu jaialdia, txikia delako, beldurrezko filmak ez dituzuelako gustoko, berezi edo freak-entzako, soilik, delako zerbait trakeski argudiatuz. Guztiok badugulako zer topatu jaialdian, festa bat da, ospakizuna, eta jaialdiak eta ikuslegoak beso zabalik jasoko zaituztetelako. Auuuuuuuuuuuuuu!