Koldo Almandozen Oreina (2018) eta Oskar Alegriaren Zumiriki (2019) filmak proiektatuko dituzte Bordelen datozen egunetan. Saioak Cinéma Utopia aretoan izango dira, eta Euskadiko Filmategiaren zuzendaria den Joxean Fernándezek Euskal zinema: zinemagileen hiru belaunaldi liburua aurkeztuko du.
Euskal zinemaren aberastasuna eta dinamismoa ospatzeko tartea izango dute Bordelen gaurtik hasi eta larunbata bitartean. Izan ere, Aquitaine.eus mugaz gaineko lankidetza programaren baitan ziklo txiki bat antolatu du Etxepare Euskal Institutuak bertan.
Euskal zinema: zinemagileen hiru belaunaldi liburuaren aurkezpenak emango dio hasiera jardunaldiari gaur bertan 20:15ean, eta jarraian, Koldo Almandozek 2018an aurkeztutako Oreina filma proiektatuko dute. UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan 2014ko uztailaren 2tik 14ra egin zen kongresuaren emaitzak jasotzen ditu Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiaren zuzendariak idatzitako argitalpenak, eta gaur egun aldi berean lanean diharduten zinemagileen presentzia eta haien arteko elkarrizketa-eztabaidak dira jorratzen dituen ardatz nagusiak.
Aurkezpenaren ostean Almandozek hartuko du hitza, eta bere filma proiektatuko dute. Hiri-bizitza, industria giroa eta natura gurutzatuko ditu donostiarraren lehen fikziozko filmak: urteetan elkarri hitzik egin ez dioten bi anaia; paduran zehar, noraezean dabilen mutil gazte bat; bere lana modu zuzen eta arduratsuan egiten tematua dagoen basozaina; edota eremu berrietara hegan egiteko desira duen neska gaztea.
Azaroaren 6an, larunbata, Zumiriki (2019) filma emango dute 14:30ean. Nafar Pirinioetako basoetan bakartzea erabaki duen gizon baten istorioa kontatuko du lanak, Alegria berak interpretatuta. Naturan barrena, memoriaren bitartez, haurtzarora egindako bidaia poetikoa da, aitak utzitako ondarea berreskuratzea xede duena. Emanaldia bukatzean zuzendariarekin solasteko aukera egongo da.
Aquitaine.eus programa 2016an abiatu zuten Euskal Kultur Erakundeak eta Etxepare Institutuak, Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa Euroeskualdearekin batera. Helburua Ipar Euskal Herriko, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zein Nafarroako kultura eragileen mugikortasuna eta hedapena, eta orokorki mugazgaineko lankidetza sorkuntzak sustatzea da Akitania Berrian. Lankidetza horri esker, proiektu anitz sortu dira azken urteotan ikus-entzunezko, literaturan edo ikusizko arte alorretan.
Saioetara bertaratu nahi dutenek sarrerak online lortu ditzakete Utopia zinema aretoaren webgunean.