Zuzendaria: Prano Bailey-Bond
Urtea: 2021
Herrialdea: Erresuma Batua

 

Enid (Niamh Algar) zentsore lanak egiten ditu. Erresuma batuko moralaren zaintzailea da. Thatcherren garaian gaude. Garai asaldatua da, gatazkatsua. Erreboltak kalean, punka, droga, grebak,  puri-purian dago gizartea. Enidek guztiz barneratuta dauka bere lana, eta honek duen garrantzia, berebizikoa. Masa asaldatu eta nahasien indarkeria ez hauspotzea, zentsore guardakoa da, zaindaria, justizia, ezpata.

Protagonistak, egunero aski film ikusten ditu, aztertu, hausnartu eta disekzionatu. Oharrak idatzi, zer moztu, non eta zergatik. Zein film pasa daiteke eta zein ez. Zeini eman behar zaion adin kalifikazio dena delakoa eta zergatik.

Ikusten dituen zintetako asko indarkeriaz beteak daude: Bortxa, biolentzia, odola, mutilazioak, erailketak. Egun batez, beste batez, beste batez, eta behin eta berriz; odola, indarkeria, erailketa. Eta Enid zorrotza da, ez du txintik ez esaten, ez dio zipitzik ere eragiten, langile petoa, eraginkorra, zorrotza, hotza, analitikoa da. Halako batean, ekoizle ilun batekin topo egingo duen arte. Film guztien artean, protagonistaren arreta bereganatuko duen zinta helduko den arte. Eniden biografian eta iraganean zartatuko den zinta iritsiko den arte, giltza bezala, Enid parez pare irekiko duena. Geruza guztiak zeharkatuko dituen zinta, sarraila guztiak ireki, ezkutu guztiak erauzi. Eta bat batean Enidi, kontrolaren obsesioan horditua bizi denari, barrenak ihaurriko zaizkio, kontrola galduko du.

Prano Bailey-Bond zuzendariak lehenengo lan interesgarria eta fina aurkeztu berri digu. Berlinaletik pasa ondoren, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean ikusi ahal izan dugu. David Lynch edo David Cronenbergen zantzuak sumatzen zaizkio filmari. Argazki eta estetika zaindua izango du, kolore ilun eta hotzak, kontraste gutxikoak, gristasun monotonoan murgilduko gaitu, Eniden munduan.

Noski, Enid, Niamh Algar, The Virtues, Pure eta Raised by Wolves telesailetan ikusi ahal izan duguna, aparteko dago filmean. Actore liluragarria oso, eta protagonistaren zurrunbilora eramango gaituena, zuzendariaren laguntzaz. Protagonistaren lehenengo plano sostengatu eta estatikoen bitartez, haren bilakaeraren lekuko bilakatuz.

Bailey-Bondek, baliabide metazinematografikoa erebili du Censor-en. Gurekin, ikusle gisa jokatu nahi izango du. Irudien biolentziaz arituko zaigu, indarkeriaren ikuskatzeak suposa ditzakeen ondorioez. Eraldaketaz arituko zaigu. Videodrome edo Lost Highwayren pasarte batzuetatik edaten duela esan daiteke, eta modu eraginkorrean estutuko gaitu,  iluntasunean, nahasmenean. Diskurtso, meta diskurtso, errealitate eta fikzioaren mugan.

Irudikapena eta irudikatzen denaren arteko artegan.