Ritxi Lizartza, David Pallarés eta Oier Aranzabalen Apaiz kartzela (2021), 1968-1976 aldian Zamorako apaiz kartzelan preso egon ziren abadeen bizipenen inguruan ardaztutako lana da. Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldian aurkeztu ondoren, hilaren 26an egingo dute estreinaldi komertziala.
1968 eta 1976 artean 50 bat apaiz (gehien-gehienak Euskal Herrikoak) kartzelatu zituzten Francisco Franco diktadorearen errepresioaren aurkako jarrera erakusteagatik. Sermoietan diktaduraren zapalkuntza salatzeagatik hamabi urteko kartzela-zigorrak jaso dituzten abade horiek nekez ahaztuko dituzte nazioarteko komunikabideetako albistegiek 1973. urtean eman zituzten mutinaren irudiak. Izan ere, Zamorako (Espainia) konkordatu-kartzelari su eman zioten bertan preso zeudenek.
Bada, garai latz haietan bere gizartearen aldeko konpromisoari irmo heldu zioten abade haien bizipenak azaleratuko ditu Apaiz Kartzela dokumentalak. Belaunaldi berrientzat ezezaguna baita Zamorako apaiz-kartzelaren historia, eta, askotan esan diguten moduan, ezezaguna izateaz gain, kontatu gabe ere baitago.
35 elkarrizketa egin dira orotara, eta guztiak bildu dituzte dokumentalean: “Uste dugu horien bitartez benetan kontatzen dela historia, eta uste dugu demokrazia aurreko ikur nagusienetako bat deskubrituko diogula publikoari”. Protagonistei eman diete hitza, eta beren ahotsaren bidez, ikusleek apaizen sentimenduak ezagutu eta jasan zutena ulertzea dute helburu: “Espero dugu filmak, polemika baino, zeresana sortuko duela. Ez baitugu hori bilatzen, baizik eta historia gizarteratzea”.
Apaizak AIEk zein Donostiako Maluta* Films ekoiztetxeak sustatutako lana da, Azaroa Films eta Zabriskieren ekoizpen elkartuarekin, eta, besteak beste, EITBren, Gogora Institutuaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Otxoa de Baraindika Fundazioaren eta Etxepare Institutuaren parte hartzearekin. Talde teknikoari dagokionez, Xabier Etxeberriak eta Martin Etxeberriak, Miguel Angel Elustondok eta Jon Mikel Aldanondok sinatu dute gidoia, eta Maialen Sarasuak burutu ditu edizio lanak. Halaber, Kote Camachok sortu ditu animazioak, eta Joserra Senperenarenak dira doinuak.
Estreinaldi komertziala, azaroaren 26an
Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldian aurkeztu zuten filma iragan apirilean, eta ibilbide komertzialari ekiteko unea heldu da orain. Datorren azaroaren 26an egingo dute Estatu mailako estreinaldia eta, Hego Euskal Herriko aretoez gaindi, Espainiako zenbait hiriburutan izango da ikusgai dokumentala.