Zuzendaria: Manu Gómez
Urtea: 2021
Herrialdea: Euskal Herria

“Make Euskadi Great Again”

South Park telesaileko kapitulu batean, gure garaia ezin hobeto erretratatzeko asmatzen dituzten metafora horietako batekin, ‘mahats nostalgikoak’ jartzen dituzte salgai herrixkan. Fruituek aurpegi txiki potxoloak dituzte, eta haur-ahots leunekin iraganeko pelikula arrakastatsuak aipatzen dituzte etengabe: “Gogoratzen duzu Star Wars? Eta Ghostbusters? Gogoratzen duzu Indiana Jones?”. South Parkeko herritarrak ‘mahats nostalgiko’ horiek erabat sorginduta, jan, eta txikitako oroitzapenetan guztiz itsututa gelditzen dira. 80ko hamarkadako pop kulturaren oroitzapenekin batera, ordea, “Make America Great Again eslogan nostalgikoaren ideia politikoak saltzen hasten dira fruitu “potxoloak”: “Gogoratzen duzu etorkinik ez zegoenean? Gogoratzen ezkontza gizon eta emakumeen artekoa bakarrik zenean?”. Izan da azken urteotan, hain zuzen ere, iraganeko arrakastak berreskuratzeko moda Hollywooden: hortxe dira Star Warsen pelikula berriak, Disneyen remakeak, Tarantinoren Erase una vez en Hollywooden izpiritu retro-maniatikoa… Strangers Things telesaila da, seguraski, 80ko hamarkadako erreferentziekin egin den nahaste paradigmatikoena, Goonies, E.T., edota Stand by me filmen ume kuadrillaren formula arrakasta handiarekin birziklatu duena. Espainian ere egin dute telesailaren kopia arraro bat (Movistarren Paraiso delako hori), eta Manu Gomezen Erase una vez en Euskadi ikusita, badirudi Euskal Herria ere ezin izan dela modaren atzaparretatik libratu.

Bere lehen film luzean, Gomezek atzera begiratzen du Arrasaten igarotako umezarora. Hala ere, ez dirudi lan erraza denik pelikula amerikarrek islatzen duten kontsumo-kulturaren idealismo inozoa 80ko hamarkadako euskal testuingurura itzultzea. Nahiz eta Estatu Batuetan Reaganen politika ekonomikoak langabezia-tasak zifra altuetara igo zituen, pozik joaten ziren (E.T.ren eta Stranger Thingsen iruditegian behintzat) ume kuadrillak asteburuetan McDonaldsera afaltzera eta arkade makinetan jolastera. Zer esan lezakete, ordea, euskal ‘ahabia nostalgikoek’ garai hartaz? “Gogoratzen al zara ETAren urte zailez, heroinaz, eta SIDAren biktimez?”. Errealitate gogor horietan bizi dira Marcos, Jose Antonio, Pakito eta Toni, familia maketoko ume kuadrilla Arrasaten. Lau umeen eta haien familien gorabeherak aurkezten ditu Gomezek, oraindik ere euskal inkontziente kolektiboan dirauten garaiko traumak ukituz. Hortxe dago, bada, filmaren disonantziarik handiena: familia-pelikula arin eta atseginaren formatuarekin gai horietara hurbiltzeko saiakeran, alegia. Izan ere, Gomezen ekiteekin amerikar film nostalgikoen tonu alaia mantentzeko, garaiko arazoak klixez betetako hutsalkerien tankeran aurkezten dira.

Tamalez, generoaren alde txar asko batzen ditu filmak: plazer nostalgikorako besterik ez dagoen garaiko kantuen collagea, umeen arteko naturaltasuna lortu nahi duen umore guztiz bortxatua, klixez betetako familia dinamikak… Nahiko tristea da, esaterako, oraindik ere ‘hala moduzko’ gizonak emakume gazte eta ederrekin errepresentatzen direla ikustea —Yon Gonzalezen pertsonaiak 18 urte inguru izateak, bestalde, barregura besterik ez du ematen—. Ea, gutxienez, formatu nostalgikoaren distortsio trakets honek moda nekagarri hau erauzten laguntzen duen.