Polvo somos (2020), Ya no duermo (2020) eta Nora (2021) filmen emanaldi berezi batekin ospatuko du Gariza Films ekoiztetxeak bere hamargarren urteurrena. Saioak Bilboko Golem zinema aretoan izango dira, eta ostean festa giroan elkartuko dira Viadefuga kafetegian. Bertaratu nahi dutenek asistentzia baieztatu beharko dute.

Gariza Films-ZINEA2010ean martxan jarri zutenetik, Gariza Films ekoiztetxe feminista eta independenteak hurbiltasuna eta zintzotasuna izan ditu bidelagun. Bizitzeko modu bat aurkitu dute taldea osatzen duten sortzaileek zineman, eta pasioz murgildu ohi dira film luze eta laburren ekoizpenean. Bada, sortu zenetik hamarkada igaro den honetan, azken urteotako lan arrakastatsuenak ikus-entzuleekin partekatzeko jaia antolatu dute.

Hitzordua azaroaren 4an izango da, Bilboko Golem zinemetan, 17:00etan, eta Esti Urresola Laudioko zuzendariaren Polvo Somos (2020) emango dute lehenik. Donostian ospatu berri duten Donosskino jaialdiko ikuslearen saria eskuratu, eta iaz, ZINEBI jaialdiko euskal film labur onena izendatu zuten. Marina Palacio donostiarraren Ya no duermo (2020) film laburraren txanda izango da ostean. Donostia Zinemaldiko 68. edizioan estreinatu zen, eta ordutik sariak pilatzen dabil nazioarteko zinema jaialdietan.

Lara Izagirre  zinemagile bizkaitarraren Nora bigarren film luzea izango da proiektatuko duten azken lana. Zinema aretoetan estreinatu zenetik, 10 aste igaro dira, eta oraindik ere badaude filma eskaintzen ari diren aretoak, eta IZARO abeslariak sortutako izen bereko kantak 100.000 entzuleren langa bota du Youtuben. Pelikula Goya, Forqué eta Feroz sariak jasotzeko lehen hautagaien zerrendan dago.

Emanaldien ostean brindisa egingo dute Viadefuga kafetegian, 20:15ean. Bertaratu nahi dutenek asistentzia baieztatu beharko dute beraiekin harremanetan jarriz.