Zinemazaleak dira legazpiarrak oso. Eta horren adierazle da Zine Klub Legazpi Elkarteak (ZKLE) 50 urte beteko dituela aurten. Charles Chaplinen The Kid (1921) filmaren bertsio zaharberrituaren emanaldiarekin ekin diote mende erdi luzeko historia omentzeko prestatu dituzten ospakizunei, eta urtea bukatu bitartean beste hainbat jarduera ere prestatuko dituzte.

Legazpiko zinekluba-50 urte

Herritarrak komunitatean batzen dituen kultura-proposamena eskaintzen du Legazpiko Zineklubak, eta hain zuzen ere, askotariko ikus-entzuleak zinemaz gozatzera hurbildu ziren iragan urriaren 8an, iluntzean, herriko plazara. Komediaren errege den Charplin zinemagile, gidoilari eta aktorearen maisulan handienetako bat ikusteko aukera izan zuten, The Kid, filmak mendea bete duen honetan.

Zineklub izaera onartu zitzaiola 50 urte -eta lehen emanaldietatik 63- pasa direla txalotu zuten legazpiarrek Charlott arlotearen pasadizoez disfrutatu bitartean, baina ospakizunek ez dute etenik izango. Goierriko Hitzak aurreratu duenez, zineklubak Lenbur Fundazioarekin elkarlanean zinemaren historia jasoko duen erakusketa bat prestatuko du aurki, topaketa berezi bat antolatu, eta elkartearen historiari buruzko argitalpen bat argitaratuko du.

Autore zinemari dagozkienak, estetika eta kode komertzialetatik aldentzen diren proposamen estetiko arriskutsuak izan ohi dira zineklubek historikoki babestu dituzten proiektuak, baina azken urteetan, udalarekin hitzartuta, elkarteak zinema komertziala kudeatzeko ardura ere dauka. Taldea osatzen duten kideei esker urritik maiatzera bitarteko eskaintza zabala prestatzen dute, horrez gain, herriko beste talde eta kolektiboekin ari dira elkarlanean, zinekluben jatorrizko espiritua berreskuratzeko asmoz. Gainera, Euskal Herriko zinemagileek sortutako filmak, euskaraz  sortutakoak, proiektatzearen alde egin ohi dute.

Zineklubaren historia

1958an eman zituzten La Salle Buen Pastor Ikastetxeko Ikasle Zaharren Elkarteko kideek gaur egun oraindik ere bizirik dirauen zinekluba sortzeko lehen pausuak. Zazpigarren artea maite zuen herritarren talde bat zineforum saioak antolatzen hasi zen, garaiko errealitate soziopolitiko eta kulturala jorratzen zituzten filmak proiektatuz. Aurki hasi ziren emanaldiei aurkezpen eta solasaldiak gehitzen, eta herriko eztabaidagune bilakatu zen. Ikastetxeko instalakuntzak erabiltzen hasi ziren zinema areto gisa, haurrentzako emanaldi bereziak atondu zituzten igande eta jaiegunetarako, eta 16mm-ko proiektorea izatetik 35mm-koa edukitzera pasa ziren.

Ezagunak izango dituzte legazpiarrek Ignacio Arbide, Manolo Salmeron, Jesus Portilla, Jose Ramon Ubarrechena, Juanito Barriola Pedro Gil edota Javier Litago. Kolaboratzaile-sare indartsua osatu zuten, eta hein handi batean, beraiei zor die zineklubak duen izaera. 1971ean hasi zuten Zinekluben Espainiako Federazioan sartzeko prozesua, eta ordutik, mende erdia daramate etenik gabe martxan. Astero-astero film bana programatu eta ikasturte bukaeran ‘zinemagileen astea’ antolatzeari ekin zioten, baita hiruhileroko aldizkari bat argitaratzeari ere.

La Salle Buen Pastor ikastetxeko areto nagusiaz, gain, Ibai-Ondo eta Eslesa aretoak izan ditu Legazkiko zineklubak egoitza, eta 1990az geroztik Latxartegi aretoa ere.