DA! PRO egitasmoa abenduaren 1etik 4ra arte eta inoizko egitarau zabalenarekin antolatuko dela iragarri dute azokaren arduradunek. Hainbat kultur diziplina landuko dira bertan, tartean, literaturatik ikus-entzunezkoetarako bidean, sortzaileek beharrezkoak dituzten baliabideak aztertuko dituen mintegia.
Orain arte DA! PRO egitasmoa egun bakarrean antolatzen zen, Durangoko Azokaren baitan, eta musikarekin lotutako jarduerak ziren nagusi bertan. Aurten, aldiz, lau eguneko iraupena izango du, Azokako bezperako egunetan hasiko da, eta hainbat kultur diziplina landuko ditu: musika, familia-ikuskizunak, literaturatik ikus entzunezkoetarako bidea, sortzaileek euren ibilbide profesionalean beharrezkoak dituzten baliabideak… Durangoko espazio ezberdinetan egingo da (San Agustin Kultur Gunea, Bizenta Mogel Biblioteka, Zugaza Zinema eta Landako gunea) eta parte-hartzea doakoa izango bada ere, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea lehenengo hiru egunetarako.
“Profesionalei espazio zabalagoa eskaini nahi diegu. Euren proiektu berriak ezagutarazi, merkaturatzeko bideak zehaztu, eurentzat bitarteko baliagarriak zeintzuk izan daitezkeen aztertu, harremanak sustatu…”, azaldu du Beñat Gaztelurrutia azokaren antolakuntzaz arduratzen den Gerediaga Elkarteko kudeatzaileak.
Ikus-entzunezkoari dagokionez, abenduaren 3an, egingo dute ‘Literaturatik zinemara: zer behar du eleberri batek film bihurtzeko?‘ hitzaldi labur zikloa eta mahai-ingurua: Edozein literatura lan egokitu daiteke ikus-entzunezko formatura? Zein irizpide hartzen ditu aintzat ekoiztetxe batek literatura lan baten aldeko apustua egiteko?
(H)emen Elkartea eta Euskal Gidoigileen Elkartearen parte hartzearekin, prozesu honetan guztian parte hartzen duten idazle, gidoilari, zine zuzendari eta ekoizleek parte hartuko dute saioan. Mahaingurua amaitzerakoan, gainera, hizlari eta entzuleen arteko iritzi trukaketarako tartea izango da. 11:00etatik aurrera egingo dute hitzordua Durangoko Zugaza aretoan, eta ikusle modura parte-hartu nahi duen orok azaroaren 2tik aurrera eman beharko du izena.
Xehetasun gehiago, hemen.