Robert Bresson zinemagile frantziarrari eskainitako atzera begirakoaren bigarren emanaldiak emango dio hasiera Kresala Zineklubak azarorako prestatu duen egitarauari. Hurrengo asteetan Boli Kostara eta Palestinara egingo dute bidaia bikoitza, eta Bagera Elkartearekin zein Amnistia Internazionalekin batera atondutako saio bana ere eskainiko dute.

Pixkanaka-pixkanaka goibeltzen joango den asto bat protagonista duen Au Hasard Balthazar (1966) filmarekin ekin zion Kresala Zineklubak Bresson maisuari eskainitako zikloari, eta oraingoan Mouchette (1967) izango da proiektatuko duten lana, hilaren 9an. Hamalau urteko neskato batek etxean duen giroan nola biziraungo duen ezagutuko dugu: aita alkoholikoa du, ama gaixo dago, eta herritarrek umiliatu egingo dute. Emanaldira Angel Perez zinema kritikaria gonbidatu dute.

 

Azaroaren 16an, La Nuit des rois (2020) pelikulak Boli Kostako Errepublikan -basoaren erdi-erdian- kokatutako La Maca kartzelara eramango ditu ikus-entzuleak. Gaizkile bat bertan sartuko dute preso eta espetxeko buruzagiak bertako istorio-kontalari izendatuko du. Philippe Lacôtek zuzendutako lana 2020ko film onenen zerrendetan ageri da.

 

Bagera Elkartearekin elkarlanean antolatutako saioaren txanda izango da hilaren 19an. Lugaritz Kultur Etxean, 18:30ean, Benjamin Christensen zinemagile danimarkarraren Haxan, sorginkeria denboran zehar (Häxan, 1922) film mutua emango dute, dokumentalaren eta fikzioaren artean kokatutako lan aitzindaria. Zuzendariak hiru urte behar izan zituen mendeetan zehar izandako sorginkeria, magia beltza eta okultismoari buruzko lan hau eraikitzeko. Ohi bezala, saioa Kresala Zineklubeko kide den Ander Gisasolak gidatuko du, eta argazkien bidez giza portaerak aztertu dituen Bego Anton sortzailea izango dute gonbidatu.

 

Palestina Habibti, Palestina Maitea lelopean, SodePAz elkarteko kideekin batera saio bikoitza eskainiko dute ere: azaroaren 22an, minbizia duten emakume palestinarrek pairatzen duten diskriminazioa jorratuko duen Condenadas en Gaza (Ana Alba eta Beatriz Lekunberri, 2019); azaroaren 29an, nazioartean saritua izan den Gaza mon amour (Mohammed Abou Nasser eta Ahmad Abou Nasser, 2020).

 

Tartean, hilaren 23an, kirola eta emakumeak elkartuko dituen Slalom (2020) ekoizpen frantziarra proiektatuko dute Trueba zinema-aretoan. Protagonista eski profesionalean arituko den gazte bat izango da, bere entrenatzailearen presioa jasan beharko duena etengabe.

 

Amnistia Internazionalekin elkarlanean atondutako saioak emango dio amaiera, azaroaren 30ean, egitarauari. Welcome to Chechnya (2020) dokumentalak Errusian LGBTQren aurkako mugimendu errepresiboari aurre egiteko bizia arriskuan jartzen duen aktibista talde baten urratsak jarraituko ditu.

 

Sarrerak eskuragai daude Kresala Zineklubaren atarian, baita informazio osagarria ere.