Zinema-emanaldietan jateko debeku “ulertezin” eta “kaltegarriaren” aurkako helegitea aurkeztuko zuela iragarri zuen EZAE-Euskadiko zinema-aretoen elkarteak orain aste batzuk. FECE – Espainiako Zinemen Federazioaren babesaz eskatu dituzte presazko neurriak, eta horiek betetzea ukatu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak.
EZAE – Euskadiko Zinema-Aretoen Elkarteak eta FECE -Espainiako Zinemen Federazioak salatu dute aretoetan jateko debekuak segurtasun juridiko eza, neurriaren arbitrariotasuna, berdintasun-printzipioaren urraketa (bidegabekeria konparatiboagatik) eta justifikazio zein proportzionaltasun falta ekarri dituela. Izan ere, agindu horren bidez, gozokiak, freskagarriak edo antzekoak kontsumitzea debekatzen da zinema-aretoetan.
Emandako argudioen artean, Euskadiko zinemetan produktu horiek saltzeari utziz egun bakoitzeko galera bateratua 27.432 eurokoa izan dela zehaztu dute, diru-sarrerek eta ikusle kopuruak behera egitean ondorioz. Alegia, 384.041 euro galdu dituzte, orotara, azken bi asteotan.
Hala, Osasun Sailaren 2021eko urriaren 6ko Aginduaren eranskinaren bigarren eta bosgarren atalen indarraldia presazko prozeduraren bidez eten dadila eskatu dute zinema-aretoek, freskagarriak, gozokiak eta antzekoak berriro kontsumitu ahal izateko. Nabarmendu dute jarduera horrek, bataz beste, euskal zinemen irabazien %30a, eta kasu batzuetan % 45a izatera iristen dela eta, beraz, denboran luzatuz gero, murrizketa horrek mehatxu larria suposatzen duela areto askoren biziraupenarentzat. Horrez gain, azpimarratu dute EAE dela zinemetan kontsumitzeko debekua ezarri duen Estatu mailako autonomia-erkidego bakarra.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ezezkoa
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ukatu egin ditu EZAEk eta FECEk debekuaren aurka eskatutako “presazko” neurriak. Auzitegi Goreneko administrazioarekiko auzien aretoak, auto batean, prozedura “kautelazko neurri” bihurtzea erabaki du, eta Lakuako Gobernuari entzunaldia ematea, egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan, hilaren 29ko 13:00ak arteko epearekin.