Urriaren 23an XII. Nazioarteko Zeinu Hizkuntzako Zinemaldia ospatu zuten Tolosako Leidor Antzokian. Egun osoko egitaraua atondu zuten, eta 12 film laburreko hautaketaz gain, lantegi, hitzaldi eta bazkariaz gozatzeko aukera izan zen.

Koronabirusaren agerraldia medio, online eta apal ospatu behar izan zuten 2021ko edizioa, bakoitzak bere etxetik. Normaltasuna gertuago dagoen honetan, ordea, Leidor Antzokira itzuli dira aurten. Iragan hilaren 23an, 10:15etik aurrera zabaldu zituzten bertako ateak, eta 11:00eta eman zioten hasiera jaialdiari. Gainditzen Tolosaldea eta Goierriko Pertsona Gorren Elkarteetako kideen lanari eskeri, hamabi film ikusteko aukera izan zuten bertaratuek:

Aten (Bartzelona), Cronos (Bartzelona), Unic (Bartzelona), La Maynade (Frantzia), El Circle (Bartzelona), The Doll (Erresuma Batua) eta Hay dos idiomas (Bartzelona) film laburrak ikusteko aukera izan zen lehenengo, eta ordu erdiko atsedenaren ostean, Te quiero pa (Malaga), El seto (Avila), El novio perfecto (Frantzia), Lladres del Temps (Bartzelona) eta Feeling Through (Ameriketako Estatu Batuak) eskaini zituzten.

Gainerako jaialdietan bezala, epaimahai ofizial batek baloratu eta saritu zituen lanok. Kasu honetan, ikus-entzunezkoetan modu profesionalean dabiltzan pertsona gorrek osatu zuten taldea, eta ondorengoa izan zen beren ebazpena:

  • Gidoi onena: Alicia Sort (ATEN)
  • Gizonezko aktore onena: Daniel Aquila (TE QUIERO PA)
  • Emakumezko aktore onena: Carlota Boronat (ATEN)
  • Muntaketa onena: Raul Ruiz (EL CIRCLE)
  • Argazkilaritza onena: Ramon Granja (TE QUIERO PA)
  • Zuzendari onena: Pablo Navarro (LLADRES DE TEMPS)
  • Zuzendari gazte onena: Alicia Sort (ATEN)
  • Film labur onena: LLADRES DE TEMPS
  • Atzerriko film labur onena: FEELING THROUGH

Zinekluben eta tokiko zinema jaialdien lana zabaltzea eta elkarlana sustatzea helburu duten K Sarien ordezkaritza bat ere bertaratu zen Leidor Antzokira. Zineklubok desberdinetako kideek osatutako epaimahaiak aurtengo aukeraketa osatu duten lanak ikusi, eta Doug Roland zuzendariarin FEELING THROUGH saritzea erabaki zuten: “Elkar ulertzeko hitzak baino gogoa beharrezkoagoa dela argi eta garbi uzten digulako. Jendarteari orokorrean ezezaguna zaigun gor-itsuen errealitatera gerturatzen gaituelako eta solasaldi interesgarriak sorrarazi ditzakeelako”.