Ipar Euskal Herrian estreinatuko dute Non dago Mikel? (2020) dokumentala datozen egunetan. Orotara, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoko zortzi aretotan izango da ikusgai Mikel Zabalzaren desagerpenaren kasua lantzen duen film-dokumentala.

Guardia zibilak atxilotu ondoren, 1985eko abenduan hilda agertu zen Mikel Zabalza autobus-gidariaren desagerpenaren ikus-entzunezko kronika egiten du, dokumental formatuan. Zabalza desagertuta egon zen 20 egun horietan, bertsio ofizialak eragindako mesfidantzak bultzatuta jokatu zuen euskal gizarteak, eta gizon gaztearen gorpua azkenean Bidasoa ibaian flotatzen agertu zenean, protesta ugari egin eta eztanda sozial handiak egon ziren. Zabalza torturatuta hil zela uste zuen jendeak oro har, baina inoiz ez zuten inor ez epaitu ez zigortu. 2020ko azaroan 35 urte bete dira Zabalza hil zenetik, eta bere familiak egia aldarrikatzen du oraindik.

Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamas ‘Pitu’–k zuzendutako lana da, Izar Films eta Ahotsa.info-k ekoitzi dute, garaiko artxiboko materiala eta hildakoaren familiaren eta kasuarekin zerikusia duten pertsonen testigantzak bilduta. Iragan Donostiako Zinemaldiaren 68. edizioko epaimahaiak Euskal Zinemaren Irizar Sariaren aipamen berezia eman zion, eta Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta 2020 garaikurra eman zion ikus-entzunezko kategorian, memoria historikoa jorratzen duten dokumentu-formatuko lanei eginiko aitortza gisa.

Halaber, filma zalaparta handiz heldu zen aretoetara otsailaren 26an, egun batzuk lehenago publiko egin baitziren Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa bat jasotzen zuten grabazioak. Bertan, Gomez Nietok Zabalza Intxaurrondo kuartelean torturatuta hil zutela entzun daiteke.

Herriz herriko emanaldiak nazioarteko jaialdietan egindako parte-hartzeekin uztartuz eman dituzte azken hilabeteak, eta, besteak beste, Guadalajarako (Mexiko) Nazioarteko Zinema Jaialdian (FICG) edota Terra Gollut jaialdi kataluniarran parte hartu du berriki.

Bada, Ipar Euska Herrira heltzeko unea heldu zaio orain proiektuari. Urriaren 27tik hasita, eta azaroaren 14ra bitartean, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoko zortzi aretotan izango da ikusgai:

– HENDAIA. Urriak 27, 20:30ean, Les Varietes zinema-gelan.

– GETARIA. Urriak 28, 20:30ean, Getarienea zinema-gelan.

– DONAPALEU. Urriak 30, 20:30ean, Saint-Louis zinema-gelan.

– KANBO. Urriak 31, 18:00ean, L’Aiglon zinema-gelan.

– HAZPARNE. Azaroak 1, 20:30ean, Haritz Barne zinema-gelan.

– DONIBANE GARAZI. Azaroak 2, 20:30ean, Le Vauban zinema-gelan.

– BAIONA. Azaroak 11, 18:00etan, Atalante zinema-gelan.

– MAULE. Azaroak 12, 18:00etan, Maule Baitha zinema-gelan.