Zuzendaria: Ninja Thyberg
Urtea: 2020
Herrialdea: Suedia

 

Kritika hau irakurri aurretik 18 urtetik gorakoa zarela ziurtatu behar duzu. Egin klik ondorengo botoian hala bada. Ehunka gizon eta emakume bero dituzu zure zonaldean zurekin lizunkiro aritzeko asmoz. Zein da zure irrikarik ezkutuena? Muga zure esku dago, izan zaitez nahi haina lardats, desiratzen daude zure nahiak betetzeko.

Gorputz heze eta haragi mardulak, blai, aho ireki eta bustiak, alu zabaldu eta lubrikatuak, uzki borobil gosetiak. Zakil tentetuak, barrabil lodiekin, balantzaka, zartatzeko, eztena. Intentsitate desberdinetako hasperen kolezioa, inuzenteenetik, lizunenera, irrikatik, minera, erresuminera, erregura, mesedez, gelditu.

Ninja Thyberg zuzendariak film ikaragarria pantailaratu berri du, latza, gogorra, zentsurarik gabekoa. Pornografia industriaren biluztea, gordina are gordinagoa irudikatuz, bistakoa ez bazen, bistaratzeko merkatu deitzen zaion harategiaren hariak zeintzuk diren agerian uzteko.

Bella, Suediatik AEB-tara egin du bidea, bertan porno industrian izar bat bilakatzeko asmoz. Gaztea da oso, hemezortzi urteko gazte handinahia da, arrakasta lortu nahi du, eta horretara dator, kosta ala kosta.

Zuzendariak protagonistaren bidaian lagunduko gaitu, porno industria inguratzen duten aldagaiak pantailaratuz; ekoizleak, rodageak, aktoreak, festak, lan baldintzak, bizi baldintzak, sexu kategoriak: Anal, bisex, anal bikoitza, penetrazio bikoitza, bondage, brutal, interraziala. Kasu, interraziala sexu praktika muturrenetakoa bezala baitaukate industrian. Industria arrazista, industria sexista eta gupidagabea.

Filmak erritmo bizia dauka, arina. Konturatu gabe lagunduko dugu Bella bere bidean, handik hona, bere Los Angeleseko industrian igoeran. Irudi eta eszena batzuek erakusten duten krudeltasuna lagungarria egingo da, ez bistatik galtzeko zuzendariak azaldu nahi duena. Ez dezagula ahaztu gozamenaren iruditeria guzti honen atzean zer dagoen. Boterea, indarkeria, bortxa eta fikzioa.

Eta bai, fikzioa, baina fikzioa den bakarra gozamena da, beste guztia benetakoa.

Garrantzitsua deritzot alabaina, moral puritanoaren kastitate-gerrikoa alboan uztea. Hausnarketa maila askotan ematen baita. Interesgarria da oso gorputza eta plazerraren mugak bilatzea. Kontua ez delako sexua eta sexualitatea demonizatzea.

Zuzendariak modu argian erakusten du botere harremanak direla industria mugiarazten dutena. Eta kate guzti horren azken giltzarri emakumezko porno aktoreak: Putak. Esklaboak. Zikinak.

Eskalan gora egin nahi bada botere harremanak identifikatu, barneratu eta birsortu beharko dira, horrelakoa da jokoa. Eta ez nator puritanismoekin baina, gustatzen al zaizu Puta? Bai, puta zikina, ikusiko duzu! Hau da, boterearen fantasia, eta dirudienez benetan pornografikoa dena boterearen erabilera izango da, eta bestearen debaluazioa.

Bellak atzera bueltarik ez duen norabidea hartu du, eta ikusiko du guztia ez dela berak uste bezala. Kontraesan gogorrak biziko ditu, egoera latzak. Erabakiak hartuko ditu, industrian aurrera egiteko bidean. Konturatu da zertan datzan porno industria delakoa. Emakumea objektu otzan eta gogotsuaren iruditeria birsortzea. Indarkeria, basakeria eta iraina gogoz hartzen dituena. Oh gizon zuria egin ezazu nirekin nahi duzuna, ez naiz ezer, zure irrika asetzeko tresna ez besterik.

Badator Ninja Thyberg, adi, eta Eiffel dorrearen tamainako dildo batekin pantailaren kontra emango gaitu. Ez dago ihesbiderik, guztiak gara konplize, errudun, lizun, putak gara guztiak.