Gipuzkoako kostaldean, Getarian, egingo du hurrengo geldialdia Mendi Tour Ziklo ibiltariak. Lau pelikulez osatutako egitaraua eskainiko dute igandean, 18:30etatik aurrera, Iturzaeta aretoan.
Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten filmen gosea aurreko urteetan baino kartsuagoa da bizi dugun pandemia garai honetan, eta horri konponbidea emateko ahaleginean ari da Mendi Tour ziklo ibiltaria.
Mendiko zinemagintza da abendu oro Bilbon ospatzen den BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdi tematikoaren ardatza, eta generoa abiapuntu hartuta, harekin erlazionatuta dauden gaiak jorratzen dituen film andana aurkezten dituzte urtero luzatzen duten deialdira. Bada, Mendi Tour egitasmoaren bidez, Euskal Herriko zein Espainiar estatuko herrietan ere erakusten dituzte aurreko edizioko film nabarmenenak.
Bada, Antzuolan aldetik ibili da aste hasieran, eta kostalde partera hurbilduko da asteburuan. Hain zuzen, Getariko Iturzaeta aretora. Eguna mendi txango batekin hasiko dute getariarrek, eta arratsaldean mendiko zinema saioarekin borobildu. Honek doako sarrera izango du, baina gonbidapen bidez neurtuko dute sarbidea. Turismo bulegoan jarri dituzte eskuragarri.
18:30etik aurrera, lau pelikula izango dira ikusgai:
- CHARGE 2 (Anthony Bonello, 2020) – 4′
Free skiaren ikusgarritasuna munduko txapelduna den drone gidariaren eskutik biderkatuta.
- EL GRAN HITO (Ignasi López Fàbregas, 2020) – 13′
Film Labur Onena 2020ko edizioan. Stop-motion animaziozko lana, mendia, erronkak eta emakumearen protagonismoa aldarrikatzen dituena.
- SHARED VISION (Keith Partridge, 2020) -28′
Noraino heltzeko gai da Red Széll eskalatzaile britainiarra, itsua bera, Eskoziako kostaldeko haitz-zutabe tente bati aurre egingo dionean?
- MENDIAN HIL, HIRIAN HIL (Iñaki Peña Bandres, 2020) – 58′
Euskarazko Film Onena 2020ko edizioan. Bizitza eta heriotzaren inguruko hausnarketa mendiarekin estuki lotuta dauden protagonisten eskutik: eskarmentu handiko mendizaleak, semea edo anaia mendian galdu dutenen senideak, mendian espezializatutako kazetariak… Dolua eta heriotza agerian, inoiz gutxi bezala. Iñaki Peña eta Felix Zubia profesionalen eskutik egingo dute da saioaren aurkezpena. Lehena, pelikularen zuzendaria da eta, horrez gain, zaintza aringarrietako mediku espezialista. Bigarrena, aldiz, Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboko Unitateko burua eta pelikulako protagonista.