Dantza eta teknologia berriak uztartzen dituen diziplinarteko Zinetika Jaialdia ospatuko dute gaurtik aurrera Donostian, Bilbon eta Iruñean. 23 filmeko zine programazioa, performanceak, lantegiak eta haurrentzako saioak hartuko ditu Vi. edizioaren egitarauak, eta hilaren 31ra arte luzatuko da.
Denboran luze eta edukiz oparo. 23 filmeko zine programazioa eta hiru masterclass, bi performance, tailer bat, jaialdi topaketa bat eta haurrentzako proiekzio proposamen bat hartuko ditu bere gain Zinetik Jaialdiaren VI. edizioak. Gaur, hilak 22, hasi eta hilaren 26 egingo dute Donostian (Kutxa Kultur Tabakaleran zein Trueba zinema-aretoan); 27an eta 28an Bilbon (BilbaoArte); eta, azkenik, urriaren 29, 30 eta 31n Iruñean (Baluarte).
Zinema kontuei erreparatuta, 23 film izango dira ikusgai orotara. 2021 urteko deialdiaren bidez jasotako 1.160 filmen artean hautatutako lanak dira, eta hiru sail nagusietan banatu dituzte: Sail Ofiziala, Open Screen eta Zinetiks. Konfinamendua, errutina, bideo-jokoak, geometria, diskriminazioa, denboraren igarotzea, arkitektura, ekintza poetiko bat, topaketa, esperimentazioa… bezalako gaiak izango dira nagusi horietan, eta jatorriari dagokionez, Argentina, Estatu Batuak, Frantzia, Ekuador, Brasil, Errusia, Britainia Handia, Herbehereak, Australia edo Espainiar estatutik etorritako lanak dira. Teresa Morales, Sofia Alforja eta Loránd János aktoreek osatuko dute guztiak ikusi eta baloratzeaz arduratuko den epaimahaia.
Aukeraketa hori astelehenean, hilaren 25ean, ikusi ahal izango da Donostiako Trueba aretoan, Kresala zineklubaren laguntzarekin; asteazkenean, hilaren 27an, eta ostegunean, hilaren 28an, BilbaoArten, Bilbon, FAS zineklubaren laguntzarekin; eta ostiralean, hilak 29, Baluarten, Iruñean. Horrez gain, DNA 2021 Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak bultzatutako DNA programaren jarduera biltzen duen dokumentala hartuko du Baluartek hilaren 29an. Amaitzeko, Gaztefilm Fest-ekin lankidetzan, haurrentzako proiekzioen saio bat eskainiko dute Iruñean ere, hilaren 29an.
Gutun filmikoak
Halaber, Zazpi t ‘erdi ekoiztetxeak ‘Korrespodentziak mugatik’ izeneko lantegia, Gaztefilm Festekin elkarlanean hau ere. Bertan, Nafarroan eta Baionan finkatutako adingabe migratzaileen arteko gutun filmikoak erakutsiko dira.
Bada, ekimen honen hiru saio antolatu dira Baluarteko Bulebar aretoan, Iruñean: hilaren 29an, ostirala, 17: 00etan; hilaren 30ean, larunbata, 10: 00etan eta 16: 00etan; eta hilaren 30ean, igandea, 10: 00etan eta 16: 00etan.
Ezagutu jaialdiaren gainerako atalak ere biltzen dituen programazio osoa, hemen.