Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamas ‘Pitu’-k zuzendutako Non dago Mikel? lan dokumentala saritu dute Kataluniako Terra Gollut jaialdian. Isildutako kolektiboei eragiten dieten arazoak salatzerako orduan filmak agertutako konpromisoa nabarmendu du epaimahaiak.

Guardia zibilak atxilotu ondoren, 1985eko abenduan hilda agertu zen Mikel Zabalza autobus-gidariaren desagerpenaren ikus-entzunezko kronika egiten du, dokumental formatuan. Zabalza desagertuta egon zen 20 egun horietan, bertsio ofizialak eragindako mesfidantzak bultzatuta jokatu zuen euskal gizarteak, eta gizon gaztearen gorpua azkenean Bidasoa ibaian flotatzen agertu zenean, protesta ugari egin eta eztanda sozial handiak egon ziren. Zabalza torturatuta hil zela uste zuen jendeak oro har, baina inoiz ez zuten inor ez epaitu ez zigortu. 2020ko azaroan 35 urte bete dira Zabalza hil zenetik, eta bere familiak egia aldarrikatzen du oraindik.

Bada, isildutako gai baten aldarria egin izana nabarmendu du Terra Gollut jaialdiko epaimahaikide taldeak lana Premi Terra Gollu golardoarekin saritzea erabaki duenean. “Maila handiko dokumentala” izatea, eta “jazarritako kolektiboei eragiten dieten arazoak salatzerako orduan erakutsi duen konpromisoa” aitortu dizkiote lanari.

Behin jaialdia amaituta, bertan lehiatutako filmekin saio ibiltariak egingo dituzte hainbat gunetan. Non dago Mikel?  filmaren kasuan, azaroaren 14an izango da ikusgai, Girona Ribes de Freser herrian.

Non dago Mikel?

Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamas ‘Pitu’k zuzendutako lana Izar Films eta Ahotsa.info-k ekoitzi dute, garaiko artxiboko materiala eta hildakoaren familiaren eta kasuarekin zerikusia duten pertsonen testigantzak bilduta. Iragan Donostiako Zinemaldiaren 68. edizioko epaimahaiak Euskal Zinemaren Irizar Sariaren aipamen berezia eman zion, eta Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta 2020 garaikurra eman zion ikus-entzunezko kategorian, memoria historikoa jorratzen duten dokumentu-formatuko lanei eginiko aitortza gisa.

Halaber, filma zalaparta handiz heldu zen aretoetara otsailaren 26an, egun batzuk lehenago publiko egin baitziren Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa bat jasotzen zuten grabazioak. Bertan, Gomez Nietok Zabalza Intxaurrondo kuartelean torturatuta hil zutela entzun daiteke.

Herriz herriko emanaldiak nazioarteko jaialdietan egindako parte-hartzeekin uztartuz eman dituzte azken hilabeteak, eta, besteak beste, Guadalajarako (Mexiko) Nazioarteko Zinema Jaialdian (FICG) edota Terra Gollut jaialdi kataluniarran parte hartu du berriki.