Zuzendaria: Alex de la Iglesia
Urtea: 1995
Herrialdea: Euskal Herria / Espainia

 

-Zoratuta egon behar mundua salbatzeko-

Kontatzen zuen Alex de la Iglesiarekin gidoilari ibiltzen den Jorge Guerricaechevarriak nola joan ziren biak Bilbotik Madrilera Acción Mutante, haien lehen filma, finantzatzen saiatzera. Almodovar anaien El Deseo ekoiztetxean lortu zuten laguntza, baina hiriko gizon lanpetuen legez, gutxi agertzen omen ziren ekoizleak bulegoan, eta itxaronaldi luze haietan zerbait egin behar-eta, gidoilari gazteak Madrilgo kaleetan zehar ibiltzen ziren alderrai, norabide gabe bueltaka. Nola ez, ikusten zuten guztiarekin txundituta gelditzen ziren, Bilbon topatu ezin ziren gauza haiekin: kaleko mimo eta eskale xelebreak, telezabor-pantailaz jositako erakusleihoak, Gran Viako Shweppessen idazkun kutreak, KIO dorre makurrak… Bitxia egiten da gazte erromes haiei interesatu zitzaizkien Madrilgo frikadak eta kutradak gero hiriburuaren iruditegi ofizialaren parte bihurtuko zirela pentsatzea. Izan ere, elementu horiekin osatu zuten El dia de la bestia film arrakastatsua. Pasatu dira jada 25 urte pelikula Sitgesen aurkeztu zenetik, eta 4Kn berrestreinatu zuten pasa den ostiralean; genero ikuspuntutik lan bikaina egin zutelako beharbada, edo hiri kapitalistako esperientzia garaikidea ezin hobeto atzitu zutelako agian, Alex de la Iglesiaren klasikoak ez du gaurkotasunik galdu.

Sosik gabeko paseo flaneur haien garaian, zuzendari bilbotarrak Filosofia ikasten zuen Deustuko unibertsitatean (bertan oraindik karrera existitzen zenean). Itxura denez, Jorge ere ikusle joaten zen maiz Alexen klaseetara, batez ere Plotinoren pentsamenduan aditua zen Jesus Igal apaizarenetara. Deustoko jesuita guztien antzera, izugarri zekien Igalek kontu akademiko zehatz bati buruz, oso gutxi, ordea, unibertsitatetik kanpo pasatzen zen guztiaz. Eta horrelaxe etorri zitzaien akzio-film baterako ideia xelebrea ikasleei: Zer gertatuko litzateke Deustuko jesuita batek mundua deabruaren mehatxupetik salbatzeko eginkizuna edukiko balu? Idazmahaiaren erosotasunetik irten behar, nahi eta nahi ez. Hala, Alex Angulok gorpuztuko zuen jesuita Madrilera joango zen, han ezagutuko zuen Santiago Seguraren heaviata satanikoarekin batera mundua salbatzeko —onartu beharra dago nahiko ondo datorkiola Segurari Sancho Panza tentelaren rola, nahiz eta ordutik hona espezimena hainbeste jasan behar izan dugun… Egun zapping egiteak ere beldur ematen du, haren aurpegia agertzen baita nonahi—. Beraz, deabruaren bila ibiliko zen duo komiko paregabe horrekin eraikiko zuen zinemagileak urbanismo postmodernoaren garaiko Don Kixoteren berrinterpretazio originala.

Kritikari hau ere Bizkaitik Madrilera etorritako filosofia ikaslea izanik, espero zitekeen iritzia horren inpartziala ez izatea. Ziur nago, hala ere, hiri handira gatozen gehienok biziko dugula, sinbolo eta pantailen gehiegikeria honen aurrean, liluraren eta ulertezintasunaren arteko sentsazio anbibalente hori (gidoilari gazte haiek bere garaian sentitu zuten bera, eta Alex Anguloren jestuek hain ondo islatu zutena). Batzuetan paranoia sentsazioa ere areagotu egiten zaigu kapitalismoaren zentro anarkikoetan murgilduta gaudenoi. Gure jesuitak ere, Deabruaren seinaleak ikusiko ditu nonahi: telezabor programetan, bankuen etxe-orratz makurretan… Jakina, hiritarrek zorotzat hartuko dute. Gaur egungo egia asko, era berean, sinestezinak dira benetan, eta zoro batek bakarrik salba lezake mundua.