Argentinan abiatu zituzten abuztu amaieran Jabi Elortegi Gametxok zuzendutako El Vasco filmaren errodaje lanak. Bost asteren bueltan, Bizkaiko kostaldean hartuko dituzte azken irudiak.
Pausoka Entertainment euskal ekoiztetxearen eta Prisma eta Oeste Film argentinarren arteko koprodukzio bat da El Vasco, eta Joseba Usabiaga eta Itziar Aizpuru aktoreak izango ditu protagonista. Mikelek (Usabiaga), bihotza hautsita eta lanik gabe, soilik internet bidez ezagutzen duen osaba urrun baten gonbidapena onartuko du: Euskal Herria utzi eta Argentinara joango da, bizitza berri bat hasteko gai izango delakoan.
Baina bertara iritsi, eta Euskal Herri txiki bat dirudien herri batean kokatuko da, non bertako argentinarrek, arbasoen lurraldea inoiz zapaldu ez duten arren, sutsuki bizi dute beren euskalduntasuna. Herria zapaltzen duen unetik jabetuko da Mikel herri horretako bizitza Euskal Etxearen inguruan sortzen dela, eta bere iritsieran ‘Super Euskaldun’ bilakatuko da komunitate guztiaren begietara. “Euskaldun-euskaldun” bakarra; pertsonaia ospetsu bat, alegia.
Joseba Usabiaga eta Itziar Aizpuru euskal aktoreen parte hartzeaz gainera, Eduardo Blanco eta Ines Efron aktore argentinarrek osatuko dute dituzte komedia kutsua izango duen fikzio honen aktore-taldea. Filmaren talde-teknikoa, aldiz, ondorengo profesional zerrendak osatu du: Jabi Elortegi zuzendaria, Telmo Esnal (zuzendari laguntzailea) eta Jon Sangroniz (argazki zuzendaria). Aurrez aipatu bezala, Pausoka Entertainment euskal ekoiztetxearen eta Prisma eta Oeste Film argentinarren arteko koprodukzio bat da lana, eta Fernando Velazquez arduratuko da soinu banda konposatzeaz.
Abuztu amaieran hasi, eta bost astez luzatu dira errodaje lanak Argentinako Morrison eta Villa Maria herrietan. Orain, Euskal Herrira itzuli eta Bizkaiko kostaldean gauzatuko dituzte azken hartualdiak. Hain zuzen ere, Bermeo ari dira lanean hilaren 18tik.