Zinemako Emakume Heroiak zikloaren edizio berri bat egingo dute Iruñeko Iturrama eta Sanduzelai auzoetako Civivox aretoetan. Maria Castejonen komisariotzapean, urriaren 4tik azaroaren 30a bitarte egingo dituzte saioak.

Zinemak erreferenteak eta iruditeriak sortzeko gaitasuna dauka, eta hala, eragin zuzena dauka publikoak mundua pertzibitzeko zein ulertzeko daukan eran. Era berean, guganaino iristen diren film gehienek desberdintasunean oinarritutako genero-estereotipo eta rolak indartzen dituzte oraindik. Hain zuen, egoera hori iraultzeko kezkatik abiatu zuten orain urte batzuk Zinemako Emakume Heroiak egitasmoa.

“Zikloan, filmen bidez, zinema beste ikuspuntu batetik ikusiko dugu. Hau da, bestelako erreferente batzuen behaketa eta haien gaineko elkarrizketa ahalbidetuko dizkigu, emakumezkoen film unibertsoaren aberasgarri”, azaldu dute antolatzaileek. Hilabete hasieran ekin zioten programazio berriari, eta lau filmaren bina emanaldi egingo dituzte orotara.

Arantxa Echevarria zuzendariaren Carmen y Lola (2018) film arrakastatsuak zabaldu zuen sorta Iturramako Civivox aretoan, eta Sanduzelai auzoko egoitzan errepikatuko dute gaur, hilak 19, emanaldia. Argumentuari dagokionez, Carmen nerabe ijitoa da eta Madrilgo aldirian bizi da. Lola ezagutzen duenean, bizitza goitik behera aldatuko zaio. Maitasuna eta konplizitatea sortuko dira haien artean. Hori, ordea, ez da gustukoa izanen ijitoen komunitateko zati batentzat, eta bereziki, emakumeak emazte eta ama izatea espero duten familientzat.

Antolaketa berari eutsiko diote datozen saioetan ere, lehendabizi Iturraman eta gero Sanduzelain emango dituzte lanak, eta ondorengo filmak izango dira ikusgai:

  • Portrait de la jeune fille en feu (Celine Sciamma, 2019)
  • Saving Grace (Nigel Cole, 2000)
  • Thelma y Louise (Ridley Scott, 1991)

Zikloaren inguruko xehetasun gehiago, hemen.