DOC Lisboa – Lisboako Dokumentalen Jaialdiaren nazioarteko lehian izango da Arantza Santesteban zinemagilearen 918 gau film esperimentala. Euskaraz filmatutakoa, kartzela barneko eguneroko bizitza ulertzeko funtsezkoak diren arazoak jorratu ditu egileak bertan.

“Polizia-furgoi baten gelaxka txikian, kartzelan urte luzeak zeramatzan emakume batek hau esan zidan: kartzela zer den kontatzeko, beharrezkoa da bertan lo egin izana. Duela ia hamarkada bat, 918 gau egin nituen kartzelan”. Urte batzuk atzera bizi izandako egoera ahul, inperfektu eta ausart haiei leku politiko bat bilatzeko nahiaz josi du iruindarrak ikus-entzunezko kontakizuna. Izan ere, bizitakoaz oroitzapen ugari gordetzen ditu oraindik: patioko buelta amaigabeak, igeriketa txapelketak, Rasha kidearen kartzela-bidaia… eta horiek guztiak berraztertzeko ahalegina da 918 gau proiektua.

Donostia Zinemaldiaren Ikusmira Berriak egitasmoaren 4. edizioan eman zituen proiektuaren lehen urratsak 2018an, eta jaialdi bereko WIP Europa jardueraren parte izan zen 68. edizioan. Txintxua Films ekoiztetxearen eskutik, estreinaldi handirako ordua heldu da orain.

Beste 12 lanetik batera arituko da DOC Lisboa jaialdiaren nazioarteko lehian, eta horren baitan, filmaren bi emanaldi egingo dituzte datozen egunetan. Lehena hilaren 25ean, 22:00etatik aurrera, Cinema Ideal aretoan. Bigarrena, aldiz, hilaren 26an, 15:30tik aurrera, Culturgest galeriako auditorio txikian.