Madrilen ospatu berri dute PNR- Errealizatzaile Berrien Plataformak sustatutako zinema jaialdiaren 30. edizioa, formatu presentziala eta onlinekoa uztartuaz. Ekain Irigoienen Hijos de Dios (2020) film dokumentala gailendu da film luzeen sariketan.

Madrilgo Zinemaldia PNR- Errealizatzaile Berrien Plataformak antolatzen duen mostra da. Irabazi-asmorik gabeko elkartea da PNR, eta 1987an sortu zuten Espainiako zinemagintzan lehen urratsak ematen ari zen zuzendariz, ekoizlez eta teknikariz osatutako talde batek; eta 30 urte baino gehiago daramatza Espainian ikus-entzunezko lanen sorkuntza eta ekoizpena defendatzen zein zinema-aretoetan eta beste hedapen-kanal batzuen bidez horien distribuzioa sustatzen. Bada, sortzaile berrientzako hitzordu garrantzitsua izan ohi da urtero antolatzen duten jaialdiarena.

30. edizioa ospatu dute 2021ean, ohiko formatu presentziala eta onlineko moldaketa uztartuaz, eta berriki ezagutu dugu palmaresa. Saritutako filmen artean, Ekain Irigoien (Donostia, 1981) zuzendari eta gidoigilearen Hijos de Dios film dokumentala izan da nabarmen, golardo nagusiak eskuratuz.

Dokumental gordina da Irigoienek 2020ko Donostia Zinemaldiko Zinemira atalean aurkeztutako hau, ikuslea Madrilgo kaleetan bizi diren etxegabeen errealitatera hurbilduko duena: Javier eta Romerales beteranoak Madrilgo Operaren Plaza turistikoa inguratzen duten erlaitzetako baten azpian egiten dute lo. Bi horiekin batera, bidaia luze bati hasiera ematen dio kontakizunak hiriburuko kale jendetsuetan zehar, non erotu gabe bizirik irauteko gaitasun handiak behar diren. Bi pertsonaia horien adiskidetasunari helduta, bizitzari, heriotzari eta duintasunari eskainitako kantu bat da, finean.

Bada, nagusi izan da ikus-entzunezkoa film luzeei dagokion sariketan. Hain zuzen ere, lau dira eskuratu dituen golardoak: Epaimahaia Gaztearen saria Film Luze Onenari; Kritikaren saria Film Onenari; Zuzendaritza Onenari saria; eta, azkenik, Interpretazio Onenaren Saria bi aktore protagonistei -Javier Lea eta Mariano Lopez de la Isidra-.