Zuzendaria: Elie Wajeman
Urtea: 2020
Herrialdea: Frantzia

Ile luzea, atzeraka orraztua; bizarra, zilarrezko lepokoa eta larruzko beroki luzea. Mikael sendagilea da Parisen, gauez lan egiten du batik bat, autoan etxez etxe artatzen ditu pazienteak, autoan ere, atzeko eserlekuan, ondokoan noizik behin. Lan bakartia dauka Mikaelek, pazienteak gora, pazienteak behera, guztiak sendatu nahi lituzkeela esango genuke, guztiak salbatu.

Gaua iluna da baina, oso. Hezea ere, hotza, zaratatsua. Autoetako, semaforo eta argiterietako kolore biziak nahasgarriak suerta daitezke, irrikagarriak baitira, gauaren beltzenean, bakardade horren erdian, erakargarriak aunitz, argiok.

Elie Wajeman zuzendariak erretratu iluna pantailaratuko du: itxaropena behar duen jendearena, amorea emateko prest egonda, amore emateko zorian daudenena ere. Sistema oso baten higidura pendularra, balantza astuna, hautsiko den azken haritik zintzilik. Hari hartan, osasungintzako langileak, indar zentripeto guzti horri eutsi nahian, galbidea gauzatu ez dadin.

Zuzendariak argazki ezin finagoa erabiliko du, iluntasunean ematen diren distirak irudikatzeko, intimitatea, irrika eta arriskura hurbilduko gaitu kamerarekin. Auto barruan, auto kanpoan, taberna, diskoteka, farmazia eta etxeetan. Guztietan intimitatea, era guztietakoa, forma guztietakoa, baina intimitatea. Paziente eta medikuaren artean ematen dena, familian, emazte eta alabekin duena, lehengusuarekin, lagundu nahi dituen toxikomanoekin.

Aktoreen lana berriz ezin goraipagarriagoa da, Vincent Macaigne (Mikael), Pio Marmaï (Dimitri, lehengusu farmazeutikoa) eta Sara Giraudeau (Sofia). Maisuki lotuko dira gaueko iluntasunak eskeintzen dituen aukerekin; ezkutatzearena, gaizkiaren usainarekin, gasolioarenarekin eta sendagaienen kimikarekin nahastearena.

Zaintzailearen irudiari gizatasuna eskaitzen dio zintak protagonistaren kontraesanetan murgilduz. Konpromisoak, betebeharrak, arauak, desirak eta nahiak askotan bateragarriak ez direla ikusaraziz. Mikael kontraesan handian bizi da, ezin dio baina zein sokari askatu asmatu, zeri joaten utzi. Oreka hauskor horretan, erabakiak hartzen hasten denean guztiak egingo du gainezka.

Benetan gozagarria beraz gaueko medikuaren istorioa. Garratza, ezin garratzagoa, mafia, drogamenpekotasuna, familia eta gainezka egiten duen osasun sistemarena. Ukabilkada zuzena izango da estomakan, zuzendariak protagonistekin eta kontakizunarekin batu gaitezen lortuko baitu. Geu ere ibiliko gara larri, gauez odisean, mugak non dauden topatu nahian.