Zinema-emanaldietan jateko debeku “ulertezin” eta “kaltegarriaren” aurkako helegitea aurkeztuko duela iragarri du EZAE-Euskadiko zinema-aretoen elkarteak. Horrekin batera, “murrizketa hori” kentzeko galdegin diote Eusko Jaurlaritzari.
Osasun larrialdiari amaiera eman zion Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko aginduak kultura, kirol eta gizarte ekitaldietan jatea eta edatea debekatzen du. Horren ondorioz, zinema-aretoen sostengu diren krispetak eta bestelako jakiak kontsumitzea ezinezkoa da iragan asteburutik aurrera.
Hori dela eta, FECEko (Espainiako Zinemen Federazioa) eta NAECEko (Espainiako Zinema Erakusketarien Elkarte Berria) ordezkariekin egindako bilera baten ostean, erabakiaren aurreko kautelazko neurriak hartzea erabaki du EZAEk. Gainera, hiru elkarteetako ordezkariek eskatu dute Eusko Jaurlaritzak murrizketa hori ken dezala, osasun-larrialdia amaitu eta sektore guztiek normaltasuna berreskuratzen ari direnean ezarri baitute.
Beste behin, pandemia osoan aretoak gune segurua izan direla aldarrikatu dute, hilabete guzti hauetan ez dela agerraldirik identifikatu; eta gogor salatu dituzte erabaki berri honek ekar ditzakeen ondorioak: “Kolpe berri honen ostean, euskal aretoek gero eta zailago ikusten dute 2020an eta 2021ean izandako galera itzelen zati bat berreskuratzea, sektore osoa egoera kritikoan jarri baitute”.
Izan ere, aretoen ahalegin handiak egin zituzten 2021eko lehen seihilekoan beren ohiko ordutegiak berreskuratzeko, asteko zazpi egunetan programatuz eta langile guztiak aldi baterako lan-erregulaziotik ateraz. Neurri berrien eraginez, ordea, etorriko diren lan-erregulazioko espediente berriez kexu dira.