Euskal Produktoreen Elkartearekin (EPE-APV) batera antolatuta, eta ETBrekin, Zineuskadirekin eta Europa Creativa Desk MEDIA Euskadirekin lankidetzan, euskal produktoreentzat eta zinegileentzat zabaldu dute ZINEBI Networking: Dokumentalen sorgunea zine dokumentaleko laugarren foro profesionalaren deialdia. Izen-emateak urriaren 21era arte gauzatu ahal izango dira.

Foro honen bidez, ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatu nahi dute beste urte batez Bilbon, Bizkaian eta EAEn. Izan ere, industriari eskainitako jardunaldien barruan, tokiko talentuaren topagune gisa aurkeztu dute ekimena. Hala, gure ingurune hurbilenean zinema dokumental sortzaile eta independenteko proiektuak sortzen eta garatzen laguntzea da helburua, baita euskal produkzioaren eta nazioarteko produkzioaren arteko sinergiak ezartzea ere.

ZINEBI Bilboko Zinema Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak laugarren urtez jarraian egingo duen programazioan sartu du foro hau, tokiko talentuari beren proiektu dokumentalak arrakastaz garatzeko moduari buruzko aholkuak ematen dizkieten profesionalekin eta adituekin harremanetan jartzeko aukera eskaintzeko. Parte hartu nahi duten film luze dokumentalen proiektuak aurkezteko epea urriaren 21era arte egongo da zabalik.

Deialdira aurkeztuko diren proposamenetatik –garapen-egoera aurreratuan edo ekoizpen-fasean egon beharko dute–, sektoreko profesionalek eta adituek osatutako hautaketa-batzorde batek aukeratuko ditu, ZINEBIko zuzendaritzarekin batera, foroan parte hartuko duten proiektuak. Batzorde horrek proiektu bakoitzaren ideia, proposamen estetikoa, bideragarritasuna eta produkzio-aukerak baloratuko ditu.

Bada, hautatutako proiektuek tutoretza pertsonalizatuen saio batean parte hartuko dute jendaurrean aurkeztu aurretik (sektoreko profesional batek bermatuko du hitzordu hau), nazioarteko epaimahaiko kide izango diren profesionalen aurrean egingo den pitching-saio batean. Halaber, ondoren, aholkularitza-bilera pertsonalak egingo dira produktoreen eta parte-hartzaileen artean.

Sariak

Epaimahaiak azaroaren 29an Arriaga Antzokian ospatuko den jaialdiaren itxiera galan emango dio saria irabazleari. Honek, 10.000 euroko saria eta aholkularitza profesionala jasoko du ikus-entzunezko proiektua egia bihurtu dadin.

Ikusi oinarriak, hemen. Aldiz, izena eman nahi baduzu, ikusi formularioa hemen.